Alkatea: "Harro gaude herritarrez"

Baleike 2014ko uzt. 8a, 20:01

IƱaki Agirrezabalaga alkateak ere hitza hartu du agerraldian. Herritarrek izan duten kemena goraipatu eta Udalaren partetik egindako Osakidetzarekin eta beste erakundeekin izandako harremanak eta egindako gestioak azaldu ditu. "Zumaian euskaraz bizi gara, euskararen arnasgune sendoa da gure herria. Eta gure hizkuntza eskubideak onartzen ez dizkigutenetan, ozen eta argi azalduko dugu euskaraz bizitzeko eskubidea eta nahia dugula Zumaian".

"Azken asteotan osasun etxeko hainbat erabakiren aurrean herritarrek izandako nahi eta sentimenduekin bat egiten du Zumaiako Udalak. Eta harro gaude herritarrez. Harro, azken asteotan, osakidetzako traben aurrean herritar talde batek erakutsitako indarraz; hartutako iniziatibak eta herri presioak epe motzean izan duen eragina gainera, nabarmena da".

"Behin baino gehiagotan esan dugu, Udal Gobernuarentzat herritarrak direla giltza, eta azken hilabetean pediatra eta familia mediku euskaldunak bermatzeko egindako indarra da esaten dugunaren adierazlerik garbiena".

"Anbulatorioan familia mediku eta pediatra euskaldunen ordezko erdaldunak jarri zituztela kexak iristen hasi zirenean Udalera, segituan jarri ginen abian, guk instituzio gisa genuen ardura eta egin genezakeen presio eta zubi lana (herritar eta osakidetzaren artean) zein izan zitezkeen zehazteko. Horrela, Zumaiako osasun etxeko arduradunarengana jo genuen zer gertatzen zen lehen eskutik jakin, eta herritarrek zein udalaren kexa eta egoeraren aurrean genuen ardura azaltzeko. Osasun etxeko arduradunari, idatzi bat ere entregatu genion egoera lehenbailehen konpontzeko eskatuz eta osasun barrutiko gerenteari ere beste kopia bat helarazi zion hark. Gure kexa, gainera, Arartekora arte iritsi da, eta Arartekoaren bulegotik ere jarri dira Udalarekin harremanetan gaiaren berri izateko".

"Zumaiako Zentroko arduraduna bat etorri zen gure eskari eta nahiarekin, eta momentuko egoera hau, hilabete gutxitako kontua izateko itxaropena erakutsi zigun. Hori horrela izan zedin ahalegina egiteko konpromisoa ere berretsi zuen. Eta horrela izan da, aste gutxian familia mediku eta pediatra euskalduna daude Zumaian. Pozik gaude horrela izan delako, eta osakidetzako arduradunei ere eskertu nahi diegu arazoa epe motzean konpontzeko egindako ahalegina".

"Zumaiako Udalaren eta UEMAren helburua da herritarren bizitza sozial zein pribatu osoa euskaraz izan dadin bideak urratzea. Osasungintza euskalduntzeak helburu horren gauzapenean berebiziko garrantzia hartzen du. Izan ere, egunero milaka herritarrek jasotzen dituzte osasun zerbitzuak, eta gainera, Osakidetza Euskal Herriko lantegirik handienetarikoa izaki, milaka langileren euskalduntzean eragin dezake".

"Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik, eta ondorioz, trataera berezia behar dute; bertako errealitate soziolinguistikoan eragiten duten faktoreak zaindu behar dira. Beste hainbat arlotan bezala, hizkuntza politikan ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu behar dira. Hala, udaletatik bakoitza bere eremuan zein udalerri euskaldun guztiok elkarturik UEMAren bidez, herritarrek osasun zerbitzu publikoa ere euskaraz jasotzeko legez aitorturik duten eskubidea bermatzeko lanean segituko dugu".