Gure Esku Dago: "Eskuz esku, lortu dugu!"

 

Pasa den igandean Durango eta Iruñea artean egin zen giza kate jendetsuaren (150.000 lagun baino gehiago bildu ziren) inguruko oharra bidali digu Zumaiako Gure Esku Taldeko kideek.

Erronka handia izan arren ilusioz heldu genion, eta igandean Euskal Herriaren historian gordeko den irudi eder bat marraztu genuen. 150.000 lagunetik gora, eskuak elkartuz, Durango eta Iruña lotzen dituen 123 kilometroko bidean batasuna eta erabakimena erakutsi genuen. Gure herria badela, erabakitzeko eskubidea zor zaigula eta gure herria zer izango den herritarrok erabakiko dugula, hori da aldarrikatu duguna.

Zumaiarrok, Getariar, Oikiar eta Aizarnazabaldarrekin batera, kilometro bat eskuz esku lotzeko betekizuna genuen, eta horretarako, laurehun lagun elkartu eta Ezkio-Itsasora eramateko erronka onartu genuen.

Gure herriak benetako indarra eta ilusioa erakutsi du, eta Zumaiatik 600 lagun baino gehiago abiatu ginen igande goizean. Bederatzi autobus; hainbat eta hainbat auto; haur, gazte eta helduak ilusioa, urduritasuna eta harrotasuna erakusten zuten aurpegiak agertuz; egun historiko eta eder horren parte izateko gogoz.

Laurehun lagun behar ziren lekuan 1.400 bildu ginen. Joaldunak, trikitilariak, kantuak eta kontuak, bertsolariak, umore ona eta elkartasun handia. Horixe da hainbat zumaiarrok igandean bizi genuena, eta horixe betirako gure oroimenean gordeko duguna.

Orain, jasotako indar eta ilusio hori proiektu eta ekintzetan egikaritzea dagokigu. Lan handia eta lorpen handiak ditugu aurrean, eta guztiok izango gara beharrezko. Baina gaur arnasa sakon hartu, eta eskerrak emateko ordua da. Mila esker Zumaiako herriari astez aste eman digun animoengatik, mila esker giza katean parte hartzera gurekin etorritako guztioi, mila esker igandean joan ezin izan arren beren sostengua eman diguten herritar ugariei. Eta batez ere zorionak herriari, lortu dugulako!