Aitor Olaziregi bikain pistako Gipuzkoako Txapelketan

Baleike 2014ko ots. 7a, 15:23

Aitor Olaziregik (Hyundai-Caja Rural-Niessen) laugarren amaitu du Open mailako Pistako Gipuzkoako Txapelketa. Olaziregi gaztea podiumetik puntu bakarrera gelditu da, eta Txapelketa hasi aurretik oso ontzat joko bazen postu hau, azkenean podiuma esku-eskura geratu izanaren arantzatxoa sartuta gelditu zaio. Ohi bezala, Arritxu Iribarrek eman digu txirrindularitza kontuen berri.

Jazarpenean lasterketa ederra egin zuen, bigarren sailkatuz. Lau kilometroko distantzia bost minutu azpitik osatu zuen, zehatz esanda, 4.59:51ko denboran. Lehen urteko afizionatua izateko oso marka ona da, bataz besteko abiadura 48 km/hkoa. Denbora honek bigarren postua eman zion Hyundai-Caja Rural-Niessen taldeko ziklistari sailkapenean.

Jazarpenean oso emaitza ona lortu bazuen, Keirinean gaizki aritu eta sailkapen proba gorabeheratsuan ez zuen lortu finalerako txartela, puntu garrantzitsuak galduz azken sailkapenari begira. Puntuaketan berriz gora etorri zen, keirineko nahigabea gaindituz eta lasterketa seigarren bukatu zuen, azkenean puntu guztien batuketa eginda laugarren sailkatu zen, podiumetik kanpo puntu bakar batek utzi zuelarik. Orain pista albora utzi eta errepidean zentratuko da, batez ere pistan hartutako pedal kolpe on horretan oinarrituz estreinaldi txukuna eman nahian denboraldiari etxean, azken urteetan bezala, aurten ere Zumaia izango baita afizionatu mailako egutegiaren abiapuntua.

Junior mailan Gorka Etxabe, Viveros San Antongo txirrindulariak, Olaziregiren bide berea egin zuen. Jazarpenean lasterketa aparta egin eta ez zen lehenegoa sei ehunenekorengatik izan. Puntuaketan bikain baina Keirinean ez zuen lortu finalerako sailkatzea eta hor galdutakoarekin azken sailkapenean seigarren izan zen. Gorka Etxabek oraindik ere pistarekin lotura izango du, urrutira jo gabe, datorren astean Mallorkan leihatuko da Gipuzkoako selekzioarekin.

Haritz Eizagirrek esan daiteke bere mailan, Gipuzkoako txapelketa txukuna egin duela, 18. izan da azken sailkapenean txirrindulari junior zumaiarra.

Eider Unanue Gipuzkoako txapeldunorde gelditu da, Ane Iriarteren atzetik. Eider Manzisidorrentzat ikasteko urtea izan da, eta baita txapelketa ere. Eider Unanue, Gorka Etxaberekin batera, Gipuzkoako Selekzioarekin Mallorkara joateko aukeratua izan da.