"Sari honen atzean emakume talde baten urtetako lana dago"

Baleike 2014ko urt. 27a, 13:45

Sabino Arana saria jaso dute Zumaiako emakume arraunlariek, igande eguerdian Bilboko Arriaga antzokian egindako ekitaldian. Emakumeen arrauna aurrera ateratzeko isilean urtez urte egindako lana gogorarazi dute Elkarteko presidente Luis Mari Osak eta Nagore Osoro patroiak.

Sabino Arana sarien 25. urteurrenean Zumaiako emakume arraunlariei egokitu zaie kirol arloko goraipamena. Arriaga antzokiko ekitaldian Nagore Osoro patroiak azaldu zuenez, "ohorea da" saridunen zerrendan egotea, ikusita aurreko ekitaldietan nortzuk dauden: Indurain, Athletic, Reala, Almudena Cid... Egindako lanaren aitortza da saria, Osorok berak antzokiko oholtzatik han bildutakoei esan bezala: "Sari honen atzean emakume talde baten urteetako lana dagoela azpimarratu nahiko nuke, nahiz eta aurten egunkari eta albisteen izenburuetan izan, isilpean lan egitera ohituak baikaude. Lehen esan bezala guzti hau ahaztezina izango da, Kontxa bezalako estropada bat jokatzearekin amestu baino ez genuelako egiten eta konturatu orduko gogo, indar eta sakrifizioaren ordainetan han geunden arranpan bandera astintzen". Patroiak eskerrak eman zizkien bereziki Erkibe Kultur Elkarteari beraien hautagaitza proposatzeagatik, eta arraun elkarteari "nesken arraunaren bultzatzaile" izateagatik.

Luis Mari Osa presidenteak ere hartu zuen hitza. Zumaiako Udalaren eta babesleen laguntza eskertu, eta gogoan izan zituen duela 20 urtetik arraunean egin duten emakumeak: "Haiek zabaldutako bideari esker iritsi dira gaur egun kirol emaitzak, orduan ia ezinezkoak ziruditen arren". Emakumeekin lan egin duten tekniko, entrenatzaile eta laguntzaileak ez zituen ahaztu, eta gaur egungo koadrila borrokatzen jarraitzera animatu zuen, "hala eginez gero lorpen gehiago etorriko dira eta".