Negoziazioak geldiaraztea egotzi die TSko zuzendaritzak langileei

Baleike 2014ko urt. 21a, 09:06

Presioa gero eta handiagoa da TS Fundiciones enpresako eltzean. Langileen mobilizazioei adierazpen baten bitartez erantzun die zuzendaritzak. Ohar horretan hala agertu dute: «Langileak dira, euren jarrerarekin, negoziazioa eta lantegiaren etorkizuna baldintzatzen ari direnak». [Urola Kostako Hitza]

«Langile batzordeak indarkeria, beldurrarazte eta errealitateari uko egiteko jarrera du; jarrera honek eragotzi du bideragarritasun plan bat abian jartzea eta bezeroen konfiantzari kalte handia egin dio», azaldu du enpresak. Horrez gain, lan negoziazioan inolako aurrerapenik ez dela egon adierazi du: «Langileek, gaur egungo egoeran, Gipuzkoako hitzarmenak ezartzen duen soldata baino %50 handiagoa dute, eta asteko 35 orduko lanaldia eskatzen jarraitzen dute».

Horren aurrean, enpresaren etorkizuna bermatzeko «egoki ikusten dituen neurriak» abian jartzera behartua dagoela adierazi du zuzendaritzak. «Bezeroen konfiantzan eragindako kalteak» konpontzen saiatu beharko dutela esan dute oharrean. Enpresako 40 akziodunek lantegiaren historiako «krisirik gogorrena» bezala ikusten dute hau, eta etorkizun industriala, lanpostuena eta aurrezki guztiak «arriskuan» jartzen dituela uste dute.

Manifestazio jendetsua

Joan den larunbatean ehunka lagun bildu ziren TSko langileek deituriko manifestazioan. Gustura azaldu ziren langileak; hala esan zuen Asier Lizaso langileen batzordekoak: «Harro gaude hemen bildu den jende kopuruarekin. Jende hau guztia gugatik egiten ari dena oso polita da». Atxikimendua eman dieten udalei (Zestoa, Zumaia, Mutriku, Zarautz eta Oriokoari) eta eskualdeko eragileei ere esker ona azaldu zieten.

TSko beharginak borrokan helburu jakin batzuekin ari direla azaldu zuten mobilizazioaren bukaeran; «kaleratzerik ez izatea eta lanpostu duinaren alde». Baina, zuzendaritzak eurei indarkeria erabiltzea leporatu izana kritikatu egin zuten langileen ordezkari sindikalek: «Guk ez dugu biolentziarik erabili eta erabiltzeko gogorik ere ez daukagu». Negoziatzeko prest daudela berretsi zuten, «baina, puntuz puntu eta gezurrik gabe».

TSko langileen egoera «oso larria» dela gaineratu zuten: «Lau hilabeteko soldatak kobratu gabe daude, eta langile batzuek dagoeneko langabezia xahututa daukate», esan zuten.