Otsailaren 2an jokatuko da Txakur Krosa eta 15ean Herri Lasterketa

Baleike 2014ko urt. 14a, 10:27

[/caption]

Saltaka egiteko aukerarik ez da falta Zumaian. Biko lasterketarekin ematen zaio amaiera urteari eta akordatu orduko gainean dira urteko lehen probak, Txakur Krosa eta Herri Lasterketa. Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera.

Otsailaren 2an jokatuko da III. Txakur Krosa. Aurten ere Gipuzkoako Ligako proba puntuagarria izango da, eta ibilbidea ere bere horretan mantendu da: Alai aldetik abiatu, San Lorentera igo, han bi itzuli egin eta berriro Alaira jaitsi. Zazpi kilometro inguruko ibilbidea guztira. Hori eskarmentua duten korrikalarientzat. Probatu nahi duenak ere izango du aukera samurragorik, bi kilometroko ibilbidea prestatu baitute lasterketa herrikoirako (Basusta gainari itzulia eginda). Lasterketa herrikoia 10:30ean hasiko da eta 11:00etan jokatuko da proba nagusia.

Eta handik bi astera, otsailaren 15ean, jokatuko da Herri Lasterketaren 30. edizioa. Proba nagusia 17:00etan hasiko da, baina aurretik haur eta gaztetxoen lasterketak eta patinatzaileena jokatuko dira. 15:00etan hasiko dira haurrak, txikienak 300 metroko distantzian eta heldu batek lagunduta, eta gainontzekoak 2.100 metroko distantzian. Ondoren, 15:45ean, patinatzaileen lasterketa jokatuko da. Hauek 14,4 kilometro egin beharko dituzte, herrian bertan osatu den 4,8 kilometroko zirkuituari hiru itzuli eginez. Kirol mota hau indartzen ari da herrian eta dagoeneko serio entrenatzen dabilen taldetxo bat ere osatu da. Azkenik, 17:00etan hasiko da Herri Lasterketa. Aurten ere bi distantzia jokatuko dira: motza, 5,6 kilometrokoa; luzea, 10,2 kilometrokoa.

Txakur Krosean zein Herri Lasterketan izena emateko epea zabalik dago: herrikrossa.com