Pulpok eta Euskal Selekzioak jokatuko dute gaur Iñaki Espillaren oroimenez

Baleike 2013ko abe. 30a, 09:01

[/caption]

Bi urte dira Iñaki Espilla gazteak utzi gintuela baina Pulpoko lagunek bizirik mantendu nahi dute oroimenean. Horrela, Pulpo eta Euskal Selekzioaren arteko partida sorta antolatu dute gaur arratsalderako Lubakin, 16:00etatik aurrera. Azpimarratzekoa da Pulpoko hamar jokalarik jokatuko dutela laster Espainiako autonomia arteko txapelketa Euskal Selekzioarekin. Lehiaren gainetik, gaurkoa eskubaloiaren festa izatea nahi du Pulpok, Iñaki gogoratzeko modu onena.

Gaur arratsaldeko jaialdiari kadete mailako neskek emango diote hasiera. Euskal Selekzioarekin jokatuko dute Pulpoko lau jokalarik: Sara Torriko, Aitana Iraundegi, Oihana Unanue eta Itziar Alberdik. Ondoren, jubenil mailako Pulpoko mutilek jokatuko dute Euskal Selekzioko kadeteen aurka. Selekzioan parte hartzekoa zen Ander Olaizola, baina joan den astean min hartu zuen Espainiako selekzioarekin eta ezingo du jokatu. Eta azken partidan Pulpoko senior mailako mutilek dena eman beharko dute Euskal Selekzioko jubenilei aurre egiteko. Selekzioarekin jokatuko dute Ander Torriko, Kauldi Odriozola, Mikel Martinez eta Iñigo Aldaik.

Aipatutakoez gain, Ioritz Manterolak (infantila) eta Maddi Eizagirrek (kadetea) Euskal Selekzioarekin jokatuko dute autonomia arteko txapelketa.