Zumaia Salegi Jatetxeko arraunlariak gaur hasiko dira entrenatzen

Baleike 2013ko aza. 25a, 10:06

Emakumezko seniorrek gaur ekingo diote denboraldiari Kike Manterolaren aginduetara. 18:30ean egingo dute aurreneko entrenamendua. Joan zen denboraldi bikaina egin eta gero, beste bati ekiteko gogotsu daude. Badira hutsune batzuk taldean, talde loriatsu horretako denek ez baitute jarraitzen.

Ondorioz, iaztik jarraitzen dutenekin eta berriekin osatua egongo da ontzia. Hain zuzen, Arraun Elkarteak deialdi berezia egiten die arraunean hasi nahi dutenei, Zumaia Salegi Jatetxeko arraunlari izateko. Ateak irekita daude, ohi bezala.

Arraunean hasi nahi duenarentzat edo beste nonbaitetik etorrita Zumaian arraun egin nahi duenarentzat, aukera paregabea da hau. Zer hobe dena irabazi duten arraunlariekin jardutea baino? Ezin ahaztu azkeneko denboraldia, historikoa benetan, garaipen handiekin: Kontxako bandera, Euskotren eta Gipuzkoako ligak, eta txapelketak. Makina bat bandera ekarri zituzten Zumaiara.

Bide horrek ezin du etenik izan, eta horregatik da garrantzitsua Zumaia Salegi jatetxeak uretan segitzea. Bihartik aurrera ekingo dio bide berriari.