Jon Maia: "Istripu handi bat izan da"

Baleike 2013ko aza. 18a, 10:58

[/caption]

Oiartzungo saioan gertatutakoari bueltak eman eta eman ari da Jon Maia. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean egoteko hautagai sendoa zen, baina larunbatean oso bestelakoa izan zen emaitza, eta lehiatik kanpo gelditu da uste baino lehen. "Egia esan, ez nuen halako emaitzarik espero. Oso ondo prestatuta nengoen, konfiantza handiarekin... Gertatutakotik ikasi, ulertu eta ondorioak atera behar ditut".

Oraindik zaila zaio Oiartzunen gertatutakoari azalpena aurkitzea. "Egunean bertan, eta eszenatokira igo ginenean, oso lasai nengoen. Lo piloa eginda joan nintzen... Baina kantuan hasi orduko konturatu nintzen ez nuela gailurra jotzen". Lehen gaia ez zaitzaion gustatu, eta bigarren puntua ere ez zuen lehenengoan ulertu. "Galdetu egin behar izan nuen, eta horrek sentsazio arraroa uzten du, norberarengan eta publikoarengan. Gero, zortziko handian, zortziko txikian, maiƱontzin eta bakarka nahikoa ondo egin nuela iruditu zitzaidan. Eta, egia esan, sorpresa handia hartu nuen emaitzarekin". Hala ere, puntuaketari ez dio buelta gehiegi eman nahi. "Hori da emaitza eta onartu beharra daukat, ez dago besterik. Gertatutakoa aztertu behar dut eta ikasi".

Oiartzunen gertatutakoa "istripu handi bat" bezala definitu du Maiak. "Esan behar dut azken lau urteak inoizko onenak izan direla niretzat, plazaz plaza ibili nahiz maila ona ematen, konfiantza handiarekin. Horrekin batera, txapelketarako bereziki ondo prestatu naiz. Lan asko egin dut. Komentuan egiten ditugun testetan oso sentsazio onak izan ditut, entzuten gintuztenek ere esaten zidaten oso fuerte ikusten nindutela. Ametsek [Arzallus] eta biok asko entrenatu dugu elkarrekin, eta parez pare ibili gara. Esperantzak nituen txapelketan zerbait handia egiteko. Baina egun tonto batekin dena joan da pikutara. Pena handia hartu dut, baina istripu handi bat bezala hartu behar dut. Orain arte egin dudan bidea hor dago, jendeak badaki nola egiten dudan bertsotan".

Bertsotarako gogoa ez galtzea, motibazioa errekuperatzea da orain bere erronka. "Ez nuen espero, eta kolpe handia izan da. Baina nire bizitza etengabeko superazio historia bat da; txikitan etzi eta etsi bereizten ez nituenetik, nire burua gainditu behar izan dut behin eta berriro. Bizitzak beste froga bat jarri dit eta honi ere aurre egin beharko diot".

Aurreko lau final handietan egon da Jon Maia, eta 2009koan hirugarren sailkatu zen, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen atzetik. Lehiatik kanpo hain goiz geldituta, etorkizunean ez daki Txapelketa Nagusian parte hartuko duen. "Hori ikusiko dugu. Hurrengoan parte hartzeko zerotik hasi beharko nuke, Gipuzkoako Txapelketatik. Baina etorriko da hori erabakitzeko momentua".