Ostiralean hasiko da Europako Bodyboard proba

Baleike 2013ko urr. 17a, 09:32

Europako Zirkuituko proba jokatuko da Itzurunen bigarren urtez. Lehiaketa bihar goizean hasi eta finalak larunbat arratsaldean jokatuko dira, antolatzaileek egindako aurreikuspenen arabera. Europan joka daitekeen txapelketen artean maila gorenekoa da Zumaiakoa, eta 5.000 euro banatuko dira saritan. Etxeko bodyboardlariez gain, Frantzia, Portugal, Maroko eta Kanariar Uharteetakoak izango dira uretan.

Europako Bodyboard Zirkuituko hirugarren proba da Zumaia Bodyboard Pro 2013, txapelketako azkenaurrekoa. Sailkapen nagusian lehian ari direnentzat, ezinbestekoa izango da Zumaian puntuak lortzea azken proban aukerekin jarraitzeko. Etxeko bodyboardlariak gogo handiz daude. Iaz Alex Uranga bigarren izan zen eta Alex Odriozola hirugarren, Pierre-Louis Costes frantziar txapeldunaren atzetik. Aurten garaipena lortzea da erronka. Beñat Elosua donostiarraren lana ere jarraitu beharko da, gaur egun Europako bigarrena baita.

Izena emateko epea gaur iluntzean zabalduko da ZISKEren egokitzan, 19:00etatik 20:30era. Orduan zehaztuko dira parte-hartzaileak eta txandak. Itsasoko baldintzen aurreikuspenak aztertuta, antolatzaileek erabaki dute lehiaketa ostiralean hastea. Horrela, ziurrenik, finalaurrekoak eta finala larunbat arratsaldean jokatuko dira –17:00ak aldera amaitzea kalkulatu dute–, itsasgoraren laguntzarekin olatu egokiagoak izango direlakoan. Txapelketarako 1,5 metro inguruko olatuak espero dira.