Beheko plazaren erabilera zehazteko herritarren iritzia jaso nahi du Udalak

Baleike 2013ko ira. 26a, 08:48

Beheko plazak izango duen erabilera herritarrekin elkarlanean adosteko parte hartze prozesua abiatuko du urrian Zumaiako Udalak. Prozesuan, etorkizuna hurbilean Beheko Plazaren proiektua zehaztuko da, baina ez da berehalakoan gauzatuko. Hau da, herritarrekin batera zer egin adostuko da, eta adostutako proiektuaren aurrekontuaren eta Udalaren baliabideen arabera, pausoak zehaztuko dira.

Beheko plazaren zorua txukuntzeko lanak datozen hilabeteotan jarriko dira martxan, eta datorren udaberrirako txukuntze lan horiek bukatuta izatea aurreikusten du Udalak. Baina obra horiek ez dute izango inongo loturarik prozesuan erabakitzen denarekin.

Parte hartze prozesuan, bi bilera egingo dira. Lehena, urriaren 1ean, izango da, eta bilera hori bertan egoitza duten elkarte eta eragileei, eta plazako merkatari eta ostalariei zuzendua izango da. Bilera 15:15ean izango da.

Bigarren bilera, berriz, urriaren 3an izango da 19:00etan. Hori plazako bizilagunei eta herritarrei orokorrean zuzendua izango da, eta edonork har dezake parte.

Bi kasuetan, Torreberri eraikineko aterpea izango da elkartzeko puntua, eta lehen aurkezpenen ondoren, Hogarreko 2. solairuan gauzatuko da bilera.

Horretaz gaiz, urriaren 7tik 14ra bitarteko astean umeekin ere landuko da gai hau, ludotekan. Herriko txikienek dituzten ideiak ere jakin nahi baititu Udalak.

Aste horretan bertan, herritarrek bileretan eman ez dituzten ideiak jakinarazteko epea ere izango dute. Horretarako bi bide izango dira: alde batetik, kexak-iradokizunak@zumaiakoudala.net helbidera bidali ditzakete; bestetik, Udaleko Hirigintza sailean eman dezakete beren ideien berri.