Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren saioa, gaur Musika Jaialdian

Baleike 2013ko abu. 6a, 11:08

Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan, Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-joleak 'Bi arreba' hitzaldi musikatu bat eskainiko dute, gaur, 20:00etatik aurrera, Oxford aretoan. 

Chopinzalea da Xabier Lizaso piano-jolea. Xenpelar gustuko du Andoni Egaña bertsolariak. Chopinek eta Xenpelarrek badute elkarrekiko antzekotasunik. Garai beretsuan bizi izan ziren. Biak ziren, bakoitza bere arloan, artista handiak. Biak izan ziren berritzaile. Biak ziren katolikoak. Biak ziren Estadurik gabeko nazioetakoak. Biek bizi izan zituzten garai politiko gatazkatsuak. Biak hil ziren gazterik, biak gaisotasunez ondorioz, bata 34 urterekin eta bestea 39rekin. Eta heriotza orduan, biek izan zuten ondoan…arreba.

Chopin eta Xenpelarrek ez zuten elkar ezagutu. Xabier Lizasok eta Andoni Egañak bai. Horregatik, bi mundu, bi obra, bi kultur-modu eta bi arreba ezagutu eta ezagutzera emateko ahalegina egin dute.