Dinastia Etxabe: finalaurrekoetarako lehen sailkatuak

Baleike 2013ko abu. 2a, 12:23

Aurrekanporaketen fasea gaindituta, ostegunean jokatu dira Dinastia Etxabe txapelketako final-laurdenetako lehen bi partidak. Gazte mailan, Etxebarriak eta Iruretagoienak egin dute aurrera, Larrañaga eta Erasuni 22-15 irabazita; nagusien mailan, Dorronsoro eta Urruzola izango dira finalaurrekoetan, Etxanizek eta Aizpuruk osatutako bikoteari 22-8 irabazi ondoren. Hurrengo jardunaldia asteartean izango da, Zestoan, 22:00etatik aurrera. Hemen daukazue Jexux Iribar Olaldek idatzitako kronika:

Jubenil mailako norgehiagokan, gerriko urdineko bikotea izan zen hasiera hasieratik finalerdietara iristeko biderik onena hartu zuena, Etxebarria, Gernika ondoan dagoen Nabarnizko aurrelariak pilotan jokatzeko erakusten ari zen trebetasun eta gaitasunarengatik batipat. Gaizka Iruretagoienak ondo lagunduaz, 4 eta 8 eta 9 eta eta 14 jarri ziren aurretik markagailuan, norgehiagoka arazorik gabe irabazteko itxurak emanik.

Partida gogorra zihoan, ordea, eta asteasuar atzelariaren bajualdi fisiko baten ondorioz, aireko boleaz tanto batean pilota dezente ekarri beharra ere izan zuen, 14garren tantoan markagailua berdintzea lortu zuen Larrañaga-Erasun bikoteak. Hamabosgarren tantoan Jon Erasun zizurkildarrari pilota, atzera luze bota nahian, gora joan zitzaion eta bai ondo etorri ere bikote urdinari, hutsartea eskatu, Iruretagoienak pixka bat indarrak berreskuratu eta Etxebarriak tantoak ondo amaituz 22 eta 15 irabazi zutelarik norgehiagoka.

Aitor Etxebarria, boteko pilotetara ondo jarriaz eta airez jotzekoak izan zitezken denetara ere ondo eta azkar bila joanez, izan zen lau pilotarietan onena. Defentsa lanetan ere ondo, batez ere airezko sake errestoetan atzelariari pilota txarrak kenduaz eta sotamanoz ere bai, era guzitako tantoak egin zituelarik aurre koadroetan, naiz hiruzpalau galdu ere egin zituen eraman beharrekoak. Hamar egindako kontatu genizkion eta hoietatik 5 ezker gantxo dotorez pilota kontrakantxara gurutzatuaz. Estreinaldi ona bizkaitarrarena Zestoako frontoian atzokoa.

Gaizka Iruretagoienak, partida erdian aipaturiko beherakada fisikoagatik galdu zituan pilotak kenduta, ondo jokatu zuen. Baina behar bada, boleaz atzetik pilotak ekartzeko duen ohitura edo konfiantzarekin, ez dakit ez oten den aurreegi jartzen une askotan, airez jotzera behartua egonik eta botez jotzeko behar dena baino dezente indar gehiago erabiliaz.

Galtzaileen aldetik esatea Mikel Larrañaga gasteiztarrak, nahiz eta pilota ohiko legez bizi astindu, ez zuela jakin izan tantoa errematatzen aukera izandako zenbait garaitan. Jon Erasun Zizurkildarra ere, besteak bezela 5-6 pilota galdu arren, nahiko txukun ibili zela esan behar eta, lauretan haundiena ere bai baina aldiz gazteena ere izaki, sendotasun falta pixkat nabaritzen zaiola oraindik.

Nagusien txapelketa

Nagusien mailako partidak kolore bakarra izan zuen, Aitzol Dorronsoro eta Julen Urruzolari janztea tokatzen zitzaien gorria. Hasieratik bukaeraraino nagusi izan ziren Amurrioko aurrelaria eta asteasuar atzelaria eta, nahiz eta Etxaniz-Aizpuru bikote azpeitiarra jarrera on eta gogo haundiz saiatu zen, gainditu ezineko jokoa aurrean topatu zuten bikotearena, batek eman eta besteak tantoa egin. Hamaika egin zituen Dorronsorok: sakez 1, txokoan utzita 3, ezker gantxoz 4, txapa gainez 2 eta bi paret edo hormabiko polit 1, eta galdu berriz 2 pilota bakarrik. Oso zentratuta eta errematean pilotak ondo aukeratuaz jokatu zuen atzo Amurrioarrak.

Baina noski joko erasokor horretan atzelariari meritu haundiak eman behar. Bikain benetan atzo Julen Urruzola Astiasuarra, ezker eskubiz bata bestearen atzetik pilota atze koadroetara bidaliaz, eta aurre koadroetara ere bizkor iritsiaz, aurelariak airez bila joan eta jo gabe utzitako pilotak atzealdera astinduz. Tanto bat egin zuen atzean eskubiz jotako pilotakada eder batekin eta 4 galdu eta hoietako bat ezkerrez jotako beste pilotakada bikain bat, goiko txapa jo ezean Aizpuruk ekartzeko lanak izango zituena.

Galtzaileei dagokionez Markel Etxaniz ezinean, eta behar bada zenbait tantotan aurkariari min gehiago ez eginaren damuz. Andoni Aizpuru berriz, aurrekanporaketako partidan ezik, bere ohiko mailatik beherago atzo ere. Iaz 22 eta 21 Dorronsororekin partida galdu zuen finalista ez du aurten txapelketak joku punturik onenean harrapatu.

Datorren asteartean, Abuztuak 6, jokatuko da azken laurden faseko 2garren jardunaldia, honako pilotari hauekin: gazte mailan, Elordi-Ibarrondo / Larunbe-Sarasa; nagusien mailan, Oronoz-Etxamendi / Arrieta-Ander Imaz.