Eskubaloiko kadete mailako Euskal selekzioko mutilak Espainiako Txapelketako final erdietan daude

Astelehenetik martxan da Autonomia Erkidegoetako Espainiako Txapelketa Zamoran, eta mutilek osatzen duten euskal taldearentzat gauzak oso ongi doaz. Lehenengo fasea multzoko buruak izaten pasa ziren eta hurrengo fasea ere erraz igaro zuten.

Lehenbiziko zatian Errioxa eta Kanariar uharteetako taldeak izan zituzten aurkari eta 35-15 eta 38-21 izan ziren emaitzak. Hurrengo lehia kantabriarren aurkakoa izan zen eta partida hura ere inongo arazorik gabe irabazi zuten: 35-26.

Atzo, final laurdenak jokatu zituzten eta Andaluziako zazpikoa izan zuten aurrez aurre. Hamar goleko aldeagatik gailendu ziren, 25-15. Ez zen gol askoko partida izan. Ez zuten beste hiruetan bezala 30 gol baino gehiago sartu, baina gaurko aurkaria gogorra eta zaila izanik, indarrak gorde zituzten. Hain zuzen Kataluniako selekzioa izango dute pistaren beste aldean eta partida parekatua aurreikusten da. Eguerdiko 12etan hasiko da Zamorako Angel Nieto kiroldegian. Irabazi ezkero, bihar izango dute finala Gaztela eta Leongo edo Madrileko taldearen aurka.

Dakizuenez, Pulpoko 6 jokalari dabiltza Euskal selekzioan eta Kauldi Odriozola txapelketako goleatzailerik onenen artean aurkitzen da oraingoz 9 golekin.