Geolodia 2013 ekimena Geoparkean egingo da, maiatzean

Baleike 2013ko api. 18a, 12:06

Espainiako Geologia Elkarteak Geolodia izeneko ekimena antolatzen du urtero. Geologia eta geologoaren lanbidea herritartzea izaten du helburu. Egun berean, espainiar estatuko 53 lurraldetan geologia irteera bana egiten da Geolodia horren baitan. Aurtengoa maiatzaren 11n egingo da eta Gipuzkoari dagokiona Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo da.

Egun horretan irteera bat egingo da Geoparkean zehar. Adituek gidatzen dituzte herritar orori irekita dauden ekimen hauek. “Irteera hauek interes geologiko handia duten lekuetan egin ohi dira eta bertan parte hartzen dutenei informazio zehatza ematen zaie. Esan daiteke irteera hauen bidez, bisitatzen diren lekuak ‘geologoen begiekin’ ikusteko aukera ematen dutela eta parte-hartzaileek suma dezakete gure Lur honek nola funtzionatzen duen. Gure ondare geologikoa babestearen beharra eta garrantzia azpimarratzeko ere balio dute ekimen hauek”, diote ekimenaren antolatzaileek.

Geolodia izeneko ekimena 2005. urtean hasi zen, Teruelen. Ordutik, Espainiako Geologia Elkarteak koordinatzen duen ekimen hau estatuko lurralde guztietara zabaldu da eta gaur egun, egun berean 53 irteera egiten dira aldi berean. “Azken urteetan geologia-dibulgazioaren festa handia bihurtu da. Estatu mailan milaka pertsonek hartzen dute parte irteeratan”.

Gipuzkoari dagokionez, irteera aurten Euskal Kostaldearen Geoparkean egingo da, maiatzaren 11n. Deba eta Zumaia arteko zazpi orduko trekking bat egingo da labarretan zehar. Geolodia honetan parte hartzea doan da eta lekuak mugatuak dira. Izena emateko Euskal Herriko Geologoen Elkargo Ofizialean eman beharko da, 944431182 telefonora deituta edo paisvasco@icog.es helbidera idatzita.