"Hizkuntza gutxituak egin dezakeena ez dezala egin hizkuntza handiago batek"

Baleike 2013ko mar. 19a, 09:09

Belen Urangak itxi zuen aurtengo Euskara, bestela ez gara 2013ko hitzaldi zikloa Ekologia eta hizkuntza-ekologiaren arteko joan etorriak hitzaldiarekin. Interesa piztu zuen entzuleen artean, ideia berriak ekarri zituelako, eta orain artekoekin zerikusirik ez duen ikuspuntua eskaini zuelako.

Ekologia

Haeckel biologo alemaniarrak erabili zuen lehenengoz termino hau XIX. mendean. Izaki bizidunen banaketa, ugaritasuna eta bizi baldintzak (ekosistema) biltzen zituen kontzeptuak, eta zientzia guztiak bezala deskriptiboa zen. Garapen azkarra izan zuen kontzeptuak eta ehun urteren buruan, ekologia ekologismo bilakatu zen. Hau da, zientzia deskribatzaile huts izatetik galerari erantzun beharra bere baitan jasotzera pasatu zen.

Garai bertsuan, ekologiatik ekologismorako saltoa egin zenean, alegia, Hizkuntza-ekologiaz hitz egiten hasi zen Haugen hizkuntzalaria XX. mendearen amaiera aldera. Berak hitzez hitz hartu zituen ekologiaren funtsak hizkuntza-ekologiara ekartzeko eta hizkuntza bere testuinguruan, bere ekosisteman aztertzen hasi zen.

Praktika ekologikoak inguruneak babesteko edo sustatzeko neurriak hartzen ditu. Giza garapen eredua kolokan jartzen du eta alternatibak proposatzen ditu. Horrek guztiak bakoitzarengan du eragina, behar orokorra norbanakoaren gainetik jartzen baita. Norbanakoaren praktikak mundu mailako testuinguruan du zentzua eta alderantziz.

Gaur egun, iraunkortasunaz hitz egiten denean hiru parametro hartzen dira kontuan; ekonomia, ingurumena eta giza garapena. Ikuspegi globala da, hirurak uztartuta hartzen dituena. Eta gizartearen garapen horretan, hain zuzen ere, dauka bere lekua kultura aniztasuna babestu beharrak. Tokian tokikoa babestu, homogeneizazioaren aurrean, aniztasunaren balioa, identitatearen balioa aldarrikatu.

Ekologismorako saltoan bi ideia nabarmentzen dira: alde batetik garrantzia handia hartzen du iraunkortasunaren ideiak, denboran irauteak, hurrengo belaunaldiari zer uzten zaion. Momentuko interesen gainetik ondorengo belaunaldia gailentzen da. Eta beste aldetik, norbanakoaren praktikak mundu mailako egitura izan dezakeela planteatzen da, hau da, norberaren jokabideak eragina duela mundu mailan eta alderantziz ere bai.

Hizkuntza-ekologia

Zer da hizkuntza-ekologia? Zientzia bat da ekologia bezala, eta hizkuntza du aztergai, bi bidetatik batez ere; hizkuntza bere testuinguruan, bere ekosisteman, bere hiztun komunitatean, hurrengo belaunaldiari begira alde batetik, eta bestetik, hizkuntzak ukipen egoeran, hau da, hizkuntzen arteko harremanen bidetik. Zientzia denez, fenomenoak deskribatzen ditu, baina ez da nahikoa, hori hizkuntzalaritzak egin izan baitu lehendik ere. Hizkuntza-ekologiaren ekarpena balio etikoak gehitzea da:

- Aniztasunaren balio unibertsala: gai honen inguruan eztabaidak egon diren arren, oro har onartuta dago berezko balio duela.

- Berdintasunaren printzipioa: Egoera ezberdinean dauden hizkuntzak berdin tratatzea ez da berdintasuna, bidegabekeria da. Beraz, zilegi da hizkuntza gutxituen aldeko neurriak hartzea, ekitatea lortu behar da. Horrek guztiak hizkuntza hegemonikoetako hiztunei ere eragiten die, ekologiak bezala. Ideia hau oso garrantzitsua dela esan eta asko azpimarratu zuen Belenek.

Hala ere, deskripzioan ezin gara gelditu, ekin egin behar da, eta horretan asko dugu ikasteko ekologismotik. Orain artean ere ekin izan da, Belenek ez dio orain arteko soziolinguistikari baliorik kentzen, baina hizkuntza-ekologiak beste balio erantsi bat ematen dio, mundu mailan, hizkuntza gutxituen komunitatean eta norbanakoen mailan eragiteko.

Zer da ekosistema hizkuntzaren kasuan? Hau da, zein elementu dira, denak bilduta, hizkuntzak irautea eragiten dutenak?

- Babes ofiziala: oso garrantzitsua da baina ez du politikatik bakarrik ikusten babes ofizial hori, baita ere hedabide, hizkuntza, industria…

- Estatusa; Hemen ere politikak baino gizarteak berak hizkuntzari ematen dion estatusari buruz ari da, esparru ekonomikoan, prestigio mailan…

- Demografia: Hiztun kopurua bai, baina batez ere kopuru hori non kokatzen den, zein eremu geografikotan, immigranteak edo emigranteak dauden…

Horiek guztiek osatzen dute gutxienik hizkuntzaren ekosistema, faktore horien baturak ekosistema bat irudikatuko du Euskal Herri mailan; baina maila mikroagora jaisten bagara beste baldintza batzuetan dauden ekosistemak aurkituko ditugu: herri euskaldunetan, hain euskaldunak ez diren eskualdeetan…

Belenen arabera, bioaniztasunaren galeraren inguruan gizartean dagoen sentsibilizazioa handia da, hizkuntzen galeraren aurrean dagoena aldiz, hutsa. Hizkuntzak inoiz baino azkarrago ari dira galtzen, aditu batzuen arabera XXI. mendean gaur egungo hizkuntzen %90 ere galduko dira. Bioaniztasuna galtzea larria da, eta aldiz kultura eta hizkuntza galtzea ez? Nola liteke hori?

Nola eragin?

Belenek Mikel Zalbide aipatu zuen, hark esaten omen du galdera egokiak egitea funtsezkoa dela eta galdera egoki bat izan litekeela: “Zein neurrik ziurtatzen du ongien ahuldutako hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa?

Hor berriro ageri da hurrengo belaunaldiari euskara uztearen garrantzia, belaunez belaun transmititu izan baita orain arte. Hala ere, gaur egun badira beste modu batzuk ere hori lortzeko, transmisio horizontala esaterako, sozializazioaren bidezko transmisioa, eskolaren bidezkoa… Euskara etxetik jaso ez dutenak asko dira eta, gaur egun.

Hori horrela izanda, eragiterako orduan badira printzipio garrantzitsu batzuk kontuan hartu beharrekoak; aurrez aipatutako aniztasunaren balio unibertsalaz eta berdintasunaren printzipioaz gain, Belenek garrantzia handia ematen dio subsidiaritate printzipioari; alegia, hizkuntza gutxituak egin dezakeena ez dezala egin kanpoko hizkuntza batek edo hizkuntza handiago batek. Eta horrekin batera gizarte erantzukizunaren kontzeptua aipatzen du, beren ustez bada garaia erakunde pribatuak ere jabetu daitezen beraiek ere badutela erantzukizuna gizarte mailan eta zentzu horretan eragiten has daitezen.

Hizkuntza-ekologiaren aplikagarritasunari begiratuta, hiru arlotan ikusten du garbi-garbi:

- Herri Administrazioan: hizkuntzen plangintza egiterako orduan, bai lurralde osoan baina baita herriz herriko plangintzetan ere.

- Gizarte eragileen artean: kultura, hezkuntza…

- Norbanakoaren ikuspegitik: Bakoitzak aztertu dezala bere ibilbide linguistikoa, zenbat hizkuntza erabiltzen ditugu eta zein da bakoitzari ematen diogun funtzioa (subsidiaritate printzipioarekin lotuta).

Bukaerara iritsita hitzaldia biribiltzeko, beretzat azpimarragarrienak ziren ideiak laburbildu zituen:

- Iraunkortasuna: hurrengo belaunaldiei utzi behar zaie guk daukaguna.

- Aniztasunaren balio unibertsala; ideia hau zabaldu eta garatu behar da.

- Berdintasunaren printzipioa; oso sendoa neurriak hartu ahal izateko.

- Ekologiaren diskurtsoaren aprobetxamendua.

- Subsidiaritate printzipioa; oso eraginkorra gauzak aldatzeko.

- Militantzia eta ekintzailetasuna.

- Norbanakoaren portaeran mundu mailan eragina duela jabetzea.

Orain arte egindako guztiak gutxietsi gabe, Belenen iritziz aurrerantzean hizkuntza-ekologiak balio erantsi bat eta printzipio aprobetxagarri asko ekarri liezaioke hemendik aurrerako hizkuntza plangintzari. Izan ere, bakoitzak arrazoi eta motibazio diferenteak izan litzake euskara ikasteko, baina denon artean euskara hurrengo belaunaldiei pasatzea lortu behar dugu.