Sastrakas taldea sortu dute mendiko bizikletazaleek

Baleike 2012ko abe. 17a, 11:34

Mendiko bizikletarekiko afizioa duten herritarren bilgune izan nahi du sortu berri den Sastrakas taldea. Zumaian bada igandero mendi bueltak egiteko biltzen den lagun koadrila, eta modu antolatuagoan jarduteko erabakia hartu dute.Duela pare bat asteburu, esate baterako, 18 laguneko tropeltxoa osatu zuten Zumaiatik Azpeitira joan etorria egiteko. "Internet bidez egoten gara kontaktuan eta taldekide batek nonbaitera joan nahi badu, lagundu egiten zaio bakarrik ez joateko", dio Imanol Atorrasagastik. Taldea mendiko bizikletan ibili nahi duen edonori zabalik dagoela azpimarratzen du. Hurrengo irteera ere ari dira prestatzen, Aiako Harria parke naturalera.

Joan den astean egin zuten lehen batzarra, "taldeari forma pixka bat eman eta taldeari izena jartzeko». Sastrakas izena jarri diote. Dena den, oraindik ez dira elkarte modura antolatu. "Argitu nahi dugu ez dela elkarte ofiziala. Jakin nahi dug zenbat jende gabiltzan mendiko bizikletan, hitzorduak noiz izango diren jakiteko, kanpora irteerak egiten ditugunean elkar informatzeko eta, ahal izanez gero, bakarrik ez joateko mendi buelta batera». Sastrakas taldearen ekipazioa ateratzen dutenean ere, elkarren artean egin eta banatuko dute.

Zikloturisten lizentzia

Lizentziarena da lehen bileran zehaztu duten gaietako bat. Mendiko bizikletaren lizentzia zikloturistena bezalakoa da, «mendirako eta errepiderako balio baitu». Txirrindulariren batek Sastrakas taldeko kide egin eta mountain bikean ibiltzeko lizentzia eskuratu nahi badu, 100 euro sartu beharko ditu Kutxako 2101 0174 14 0013115928 kontu korronte zenbakian: 85 euro lizentzia ordaintzeko da eta beste 15ak «kluberako diru pixka bat jartzeko». Sarrera egiterakoan izen-abizenak jarri beharko dira. Lizentziaren eskaera egiteko esku-orria Zalla tabernan eskuratu daiteke. Behin orria bete eta gero, Xirula denda utzi beharko da abenduaren 19a baino lehen. Lizentzia behar ez, baino klubeko kide izan nahi dutenek 15 euro sartu beharko dituzte aurrez esandako kontu zenbakian abenduaren 19a baino lehen.