BIDEOA: Grampian Sovereign uretaratu dute

Baleike 2012ko abe. 13a, 21:05

Astilleros Balenciagak Eskoziako North Star Shipping enpresarentzat inoiz eraiki duen itsasontzirik handiena uretaratu dute gaur: 83 metro luze eta 18 metro zabal da Grampian Sovereign. Ipar itsasoan dauden petrolio plataformetara materialak garraiatzeko erabiliko da. Posizionamendu dinamikorako DPS2 sistema dauka ezarritako lekuan egonarazteko hondoko aingurarik gabe, baita eguraldi eta itsasorik okerrenetan ere. Horretarako, GPSak jasotako informazioaren arabera lan egiten dute propultsatzaile diesel-elektrikoek.

Grampian Don-en itsasoratzea (2010): Zumaiatik Pasaiara (time lapse)

Adams Challenge (2009): Gipuzkoan inoiz egin den itsasontzirik handiena

Boladaka haizea zakar ibili den arren, arazorik gabe egin dute Grampian Sovereign itsasontziaren botadura, 15:30 aldera. Hemendik aurrera itsasontzia barrutik behar bezala hornitzeko lanak hasiko dira. Modelo bereko beste itsasontzi bat egiteko kontratua du ontziolak. Guztira, 60 milioi euroko kontratua, Balenciagak inoiz izan duen handiena. Gainera, arrantza ontzi izoztaile bat eraikitzen hasi dira dagoeneko, Bermeoko bezero batentzat.

Krisialdi sakona jasaten ari garen arren, Balenciagak lan kargari eutsi ahal izan dio urte hauetan, eta epe laburrera kontratu berriak lortzeko itxaropena dute, Europako Batasunak onartu berri duen zerga-finantziazio sistemak kontratazioa erraztuko duela aurreikusten baitute.