Bidegorria Txikierditik Narruondoraino luzatzeko tramiteak hasi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Baleike 2012ko abe. 12a, 12:27

[/caption]

Zumaiatik Txikierdiko biribilguneraino doan tartea Udalak egin zuen joan den urtean, baina handik Narruondo auzoraino falta den zatia Aldundiaren eskumena da. Hasiera batean 2012an egitea adostu bazen ere, proiektua atzeratu egin da diru arazoak medio. Baina Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean irakurri ahal izan dugunez, dagoeneko bigarren zatiari heltzeko tramiteak hasi dira.Aldundiak lurralde osorako marraztuta daukan bidegorrien sareko parte da Narruondorainoko zatia. Behin Narruondoraino iritsita, Arroa Behearekin lotzea izango da hurrengo pausoa. Proiektua zehaztatuta dago jadanik, eta hasiera eman zaio tramitazioari. Jendaurreko erakusketa egingo da interesatuei proiektuaren berri emateko, eta hilabeteko epea emango zaie helegiteak eta iradokizunak aurkezteko. Aldundiak 1.230.147,31 euroko aurrekontua zehaztu du lanak egiteko.

Bidegorria Narruondora eramateko errepide azpiko pasabideak aurreikusi dira. Aurrena, biribilgunea alde batetik bestera zeharkatzeko. Bidegorria errepidearen ondotik joango litzateke, hegoaldetik, Narruondoko lehen etxeetaraino. Handik errepidearen bestaldera pasatzeko –elkartea, taberna eta etxebizitza blokeak dauden aldera– beste pasabide bat egingo dute azpitik. Guztira, 615 metro luze izango da Txikierditik Narruondorainoko bidegorri zatia. Lau metroko zabalera izango du eta bizikleta zein oinezkoentzat izango da.