Bosgarren edukiontzirako doako poltsak ez banatzea erabaki du Udal Elkarteak

Baleike 2012ko abe. 11a, 13:57

Gaur arte doan eskuratu ahal izan dira bosgarren edukiontzia erabiltzeko zabor poltsak. Poltsa bereziak dira, material konpostagarriaz baitaude eginak. Urola Kostako Udal Elkarteak gaur jakinarazi duenez, aurrerantzean ez dituzte poltsak banatuko, gastu handiegia dela arrazoituz.

"Krisi ekonomikoaren ondorioz udalek eta Udal Elkarteak jasan dituzten murrizketak kontuan hartuta, Udal Elkarteak zerbitzu horretan hainbat aldaketa egingo ditu. Izan ere, poltsak doan banatzeak, gaur egungo erabiltzaileen kopurua aintzat hartuta, 168.000 euro inguruko gastua ekarriko lioke Udal Elkarteari". 2012an banatutako poltsa konpostagarrien kostua 70.000 eurokoa izan da, baina azken hilabeteotan ikaragarri igo denez erabiltzaile kopurua, aurrerantzean doan banatzeari lagatzea erabaki dute.

Horren aurrean hiru aukera jarri dituzte mahai gainean:

1. Hondakinak kubo itxian garraiatu eta edukiontzi marroian hustu. Horretarako Udal Elkarteak ontzi itxiak banatuko ditu.

2. Hondakinak plastikozko poltsa batean garraiatu, hondakinak edukiontzi marroian hustu eta, ondoren, plastikozko poltsa edukiontzi horira bota.

3. Poltsa konpostagarriak saltokiren batean erosi eta orain arte bezala poltsa edukiontzira bota.

Ontzi itxiak

Lehen aukera hautatuz gero, ontzi itxia eduki behar da etxean. Orain arte, kasu batzuetan ontzi zulodunak banatu dira eta, ondorioz, Udal Elkarteak ontziak aldatuko dizkie ontzi zuloduna duten herritarrei. Honako leku, egun eta orduetan banatuko dira ontzi itxiak:

Zumaia

Abenduak 18 (asteartea), 16:30-18:30, Beheko plazan.

Abenduak 20 (osteguna), 11:00-13:00, Amaia plazan.

Ontzi itxia eskuratzeko lehen banatutako ontzi zuloduna itzuli behar zaio Udal Elkarteari (banaketa egunean).

 

Poltsa konpostagarriak

Herritarrek hirugarren bidea aukeratu eta poltsa konpostagarriak erostea erabakitzen badute, hona hemen poltsa horiek izan behar dituzten ezaugarriak:

Zaku formako poltsa. Neurria, gutxi gorabehera: 43 x 48 cm

Poltsa konpostagarria, UNE-EN 13432 arauaren arabera egina eta ziurtatua bi marka hauetakoren batekin:

− AIB-VINÇOTTE erakundearen “OK Compost” marka

− DIN CERTCO erakundearen “compostable” marka

Udal Elkartea zabor-poltsak saltzen dituzten eskualdeko dendekin harremanetan jarriko da, poltsa konpostagarrien inguruko informazioa eskaintzeko, herritarrek poltsa horiek erosteko zailtasunik izan ez dezaten.