Erabiltzaileak eta erakundeak pozik, Bizkaiko campusetara joateko garraio zerbitzuaren auzia konpondu dutelako

Aitziber Arzallus 2024ko mai. 8a, 16:41

Ziztu elkarteko ordezkariak; Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Zumaiako eta Mendarko udal ordezkariak; Iraurgi Berritzenekoak eta Gipuzkoako Foru Aldundikoak, atzo, Basazabalen egindako agerraldiaren ostean. (Aitziber Arzallus)

Azpeititik, Azkoititik, Zestoatik eta Zumaiatik Bizkaiko unibertsitate campusetara joateko autobus zerbitzua bermatuta izango dute erabiltzaileek, Gipuzkoako Foru Aldundiak hura finantzatzeko beharrezko diru laguntza ematea onartu baitu. Auzia konpontzeko bidean lanean jardun diren elkarte eta erakundeetako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo arratsalean Azpeitian, eta elkarrentzako esker oneko hitzak besterik ez zituzten izan. Arazoa elkarlanean konpondu izana azpimarratu zuten.

Bizkaiko unibertsitate campusetara joateko garraio zerbitzuaren inguruko arazoa konpondu dutela eta, eskertuta eta pozik daude erabiltzaileak, eta baita haiekin batera zerbitzua bermatzeko lanean jardun diren erakunde publikoetako arduradunak ere. Ziztu erabiltzaileen elkartearen ordezkariek, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Zumaia eta Mendaroko udal ordezkariek, Iraurgi Berritzenekoek eta Gipuzkoako Foru Aldundikoek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Azpeitiko Basazabal jauregian, eta elkarrentzako esker oneko hitzak besterik ez zituzten izan. Arazoa konpontzeko alderdi guztiek izan duten prestutasuna txalotu zuten, baita elkarlanaren garrantzia azpimarratu ere, bakoitzak bere aletxoa jarrita, denen artean auzia modu eraginkorrean konpontzeko gai izan direlako.

Urteetan Bizkaiko campusetara joateko zerbitzua eman duen Aldalur autobus konpainiak prezioak asko igo ezean zerbitzua bertan behera uzteko asmoa iragarri zien erabiltzaileei, errentagarri ez zitzaiola argudiatuta. Horren aurrean, erabiltzaileek Ziztu elkartea sortu zuten indarrak batu eta erakundeekin hitz eginez auziari irtenbideren bat topatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak urtarrilean hartu zuen zerbitzua finantzatzeko konpromisoa, eta joan den astean, konpromiso hori berretsi eta zerbitzua bermatzeko diru laguntza emango duela adierazi zuen erakundeak. Orduan aurreratu zuenez, Ziztu elkarteko erabiltzaileek Mugi sistemaren antzeko tarifekin bidaiatzeko aukera izango dute. Hori horrela, hilean 300 euro baino gehiago aurreztuko dituztela adierazi zuen erakundeak; izan ere, 25 urtetik beherako ikasleek 72 euro ordaindu beharko dituzte hilean, eta 25 urtetik gorakoek, berriz, 90 euro inguru. Atzoko agerraldian, baina, ez zuten inolako zifrarik eman, itxura denez, oraindik ere zenbait doikuntza egin behar baitituzte.

Ziztu elkartearen ordezkaria izan zen hitza hartzen aurrena. Iazko ikasturtearen bukaeran Bizkaiko campusetara joateko garraio zerbitzurik gabe gelditzeko arraiskuan zeudela jakin zutenetik orain artekoak azaldu zituen hark; nola jo zuten udalengana laguntza eskatzera, handik foru aldundira eta abar. Donostiara joateko autobusak ordu erdiro daudela azaldu zuen, eta Bilbo Donostia baino hamar kilometro urrunago besterik ez dagoen arren, harako zuzeneko autobus zerbitzurik ez dagoela, nahiz eta asko diren egunero-egunero Bizkaiko hiriburura joan beharra izaten duten herritarrak. "Lehenasunak aldatu, pisu bat alokatzeko diru kopuru neurrigabea gastatu, edo egunero autoa hartu beharrean aurkitzen dira, horrek dakarren arriskuarekin eta gainkostuarekin", esan zuen.

Erabiltzaileek udaletara jo zuten, eta haiek hasieratik erakutsitako "jarrera bikaina" nabarmendu zuen Ziztu elkartearen ordezkariak. Udalekin hainbat bilera egin ostean, aldundiari laguntza eskatzea erabaki zuten, eta orain, "salbamendutzat" jo dute hark onartutako dirulaguntza. "Unibertsitateko garraio lineari eusteaz gain, benetako eta beharrezko garraio premiari erantzutea ahalbidetuko du. Ikasleei nahien dutena ikasteko aukera erraztuko die, familiei gehiegizko kosturik eragin gabe; langileei aukera emango die distantzia jakin batera joateko, eta distantzia hori, bestela, onartezina izango litzateke, bai erregaien kostuengatik, bai egunero hainbeste kilometro gidatzeak dakarren arriskuagatik; kutsadura gutxitzen eta errepideetako segurtasuna handitzen lagunduko du, autobideko ibilgailuen kopurua murriztuko delako, eta, zalantzarik gabe, inguruko herriei bultzada sozioekonomikoa ematen lagunduko du".

Ziztu elkarteako kideak eskerrak eman zizkien Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuari "eskualdeko lehentasun handieneko zerbitzu hori diruz laguntzeagatik"; Urola Erdiko eta Debabarreneko herrietako udalei eta erakunde publikoei ere, "azaldu duten prestutasuna eta babesagatik"; eta Euskal Herriko Unibertsitateari, "egin duen bitartekotza lanagatik".

Elkarlanean lortutako emaitza

Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak Iraurgi Berritzeneko lehendakari gisa hitz egin zuen jarraian, lankidetzan fokua jarrita. "Herri eta bailara ikuspegitik, indargunea da garraio publikoa. Behar baten inguruan udalerriak batzea lortu dugu, eta Iraurgi Berritzenen presidente gisa, azpimarragarria dela uste dut. Proiektu estrategikoen inguruan herriak eta bailarak bat eginda, urrutirago iritsiko gara. Lorpen hau horren adibide da".  

Ildo beretik, Nagore Alkorte Azpeitiko alkateak adierazi zuen "txalogarria" dela herritarren eta erakundeen arteko elkarlanaren bidez lortutakoa. "Ziztuko kideak gugana etorri zirenean laguntza eske, hasieratik erakutsi genien gure esku zegoena egiteko prestutasuna. Eta pozik gaude Bizkaian ikasi eta lan egiten duten herritar askorentzat ona den neurri bat lortu dugulako denon artean".

Azkenik, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu zuen Urola Erditik eta Debabarrenetik Bizkaiko campusetara joateko garraio zerbitzuaren auzia lehentasunetako bat izan dela beretzat joan den ekainetik, diputatu kargua hartu zuenetik. "Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan garraio publikoa gipuzkoarren beharretara egokitu dadin lan egiten dugu. Baita gure eskumenetik kanpo daudenean ere, kasu honetan bezala, garraio berezia delako. Ez dugu inor atzean utzi nahi. Gure ustez, ezin da muga ekonomiko eta geografikorik egon unibertsitateko prestakuntza jasotzeko, eta, horregatik, lanean jarraituko dugu guztiontzat irisgarria den eta Gipuzkoa justuago bat eraikitzen lagunduko duen garraio publiko baten alde".