Foru Aldundiak diruz lagunduko du Bilboko eta Leioako campusetara joateko autobus zerbitzua

Iraia Oteiza 2024ko api. 25a, 15:42

Ziztu elkarteko erabiltzaileek Mugi sistemaren antzeko tarifekin bidaiatzeko aukera izango dute. 25 urtetik beherako ikasleek 72 euro ordaindu beharko dituzte hilean, eta 25 urtetik gorakoek, berriz, 90 euro inguru. Hori horrela, hilean 300 euro baino gehiago aurreztuko dituzte.

Zumaiatik, Zestoatik, Azpeititik eta Azkoititik Bilboko eta Leioako (Bizkaia) unibertsitateetara joateko autobus zerbitzua diruz lagunduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urteetan Aldalur autobus enpresak eskaini du Piper zerbitzu unibertsitarioa, baina zerbitzua errentagarria ez zela eta, bertan behera utziko zutela iragarri zuten joan den udan. Horren aurrean, zenbait erabiltzailek Ziztu elkartea sortu zuten unibertsitateetarako garraio zerbitzua kudeatzeko eta sustatzeko. Elkarteak egindako eskaeraren ondotik iritsi da aldundiaren finantzazioa.

Azahara Domingez Mugikortasuneko diputatuak eta Ziztu elkarteko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Donostian, eta laguntzen nondik norakoak azaldu dituzte. Domingezek azaldu duenez, elkarteko erabiltzaileek Mugi sistemaren antzeko tarifekin bidaiatzeko aukera izango dute. Hori horrela, hilean 300 euro baino gehiago aurreztuko dituzte; izan ere, 25 urtetik beherako ikasleek 72 euro ordaindu beharko dituzte hilean, eta 25 urtetik gorakoek, berriz, 90 euro inguru.

Datorren asteartean, apirilaren 30ean, onetsiko du Diputatuen Kontseiluak diru laguntza hori.

Ziztu elkarteak positibotzat jo ditu hartutako neurriak, funtsezko mugikortasun premiari erantzuten diotelako.