Itziar Murua: "Emaitzek argi eta garbi erakutsi dute Urola Kostaren aldaketa nahia"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 23a, 11:00
Itziar Murua, EH Bilduk Getarian egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian. (Onintza Lete Arrieta)

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduk lortutako emaitzen balorazioa egin du Itziar Murua (Zarautz, 1968) hautagaiak.

Joan den igandeko hauteskundeetan EH Bilduk lortutako emaitzek Itziar Murua (Zarautz, 1968) lehenengo aldiz legebiltzarkide izatea eragin dute. Hirugarren hautagaia zen koalizioaren Gipuzkoako zerrendan, eta lurralde horretan 11 ordezkari lortu dituenez, eserlekua izango du Eusko Legebiltzarrean. Gaur egun Zarauzko Udaleko zinegotzia eta EH Bilduren udal taldeko bozeramalea da Murua. Ondorioz, ardura bikoitza izango du aurrerantzean. Hauxe dio erronka berriaz eta bozek emandakoaz: "EH Bilduk zuen azken urteetako goranzko joerari eutsi diogu eta historiako emaitzarik onenak lortu ditugu. Beraz, balorazioa oso positiboa da. Gainera, mapa politikoa aldatu egin da, 27 eserleku izango ditugulako Eusko Legebiltzarrean, EAJrekin parekatuta. Izugarria da hori.

Halaber, hiru lurraldeetatik bitan lehenengo indarra izan gara, eta Gipuzkoan oso-oso nabarmen. 88 herrietatik 81etan nagusitu gara.

Urola Kostako emaitzak ere historikoak izan dira guretzat, lehenengo aldiz eskualdeko herri guzti-guztietan irabazi dugulako. Datu hori adierazgarria eta azpimarratzeko modukoa iruditzen zaigu, argi eta garbi erakusten duelako Urola Kostak aldaketa nahi duela. 2020ko hauteskundeetan Aian, Azkoitian eta Zarautzen salbu, herri denetan irabazi genuen, eta, oraingoan, hiru horietan ere gure alde egin dute. Horrez gain, aurrez irabazi genuen gainerako herri guztietan gora egin dugu botoetan. Hala, duela lau urte baino 3.263 boto gehiago lortu ditugu eskualde osoan.

Horrek guztiak hasieran aipatutako goranzko joera berresten du; izan ere, zortzi urte atzera egiten baditugu, EAJk irabazi zituen hauteskundeak Urola Kostan, alde nabarmenarekin. Orduan, ia bi mila botoko aldea  atera zigun; 2020an, ikaragarri murriztu genuen aldea, eta 172 boto eskasekoa izatera pasatu zen, eta, orain, 3.500 bototik gorako aldea atera diogu.

Zarautzen ere 2020an baino ia 1.200 boto gehiago lortu ditugu. Egia da udaletarako eta Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan ere egin genuela gora eta bigarren horietan EAJren aurretik geratu ginela, baina datuen benetako alderaketa Eusko Legebiltzarrerako bozekin egin behar da eta asko igo gara. Oso oso pozik gaude.

Niretzat pertsonalki erronka berria izango da aurretik dudana. Aldaketa handia ere eragingo du, baina ilusioz hartu dut ardura. Lan berriek nire egunerokoari nola eragingo dioten ez dakit, baina oraingoz Zarauzko Udaleko zinegotzi eta EH Bilduren udal taldeko bozeramale izaten jarraituko dut. Bi lanak uztartuko ditut".