Ibaian pilatutako "zabor tonak kentzeko" eskatu die Eguzkik Urola ibarreko udalei

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 10a, 11:40
Telebista zati bat Urola ibaian, Lasao parean. (Eguzki)

Hondakin gehienak "nahita" isuritakoak direla nabarmendu du erakunde ekologistak, eta zigorrak ezartzeko beharraz hitz egin du: "Urteen joanak erakusten du kontzientzien zain egoteak, arazo honen aurrean esku ez hartzeak, ez dituela espero diren emaitzak ematen".

Urolaren egungo egoera "zorrotz salatu" eta ibaia kutsatzen duten "zabor tonak kentzeko" eskatu die Aizarnazabal, Azkoiti, Azpeiti, Zestoa eta Zumaiako udalei Eguzkik. Bere webgunean plazaratutako oharrean, Urolan han eta hemen barreiatuta ikus daitezkeen hondakin gehienak "nahita" isuritakoak direla nabarmendu du erakunde ekologistak, eta zigorrak ezartzeko beharraz hitz egin du.

Euskal Herriko beste hainbat ibaitan bezala, Urolan ere "ibai sistemen osasun onerako funtsezkoa" den ibaiertzeko landaredia "aurten ere" hondakinez beteta dagoela ohartarazi du Eguzkik, eta horren aurrean, Ura agentziarekin elkarlanean eta neurriak hartzeko eskatu die udalei, Uraren Euskal Agentziarekin (Ura) elkarlanean.

Urolaren ertzetan identifikatu dituzten hondakinekin zerrenda luzea osatu du Eguzkik: "Latak, beirazko eta plastikozko botilak, plastikozko poltsak, disolbatzaile eta motorreko olio poteak, nekazaritza eta abeltzaintza hondakinak, ehunak, txatarra, pneumatikoak, metalezko egiturak, gomak, komunak, eraikinetan jartzen direnak bezalako su-itzalgailu eramangarriak, altzariak eta teilape zatiak, besteak beste; baita hondakin arriskutsuak ere, hala nola tresna elektronikoak eta uralitak".

Gehienak, "nahita"

Eguzkik dio euskal kostaldea kutsatzen duten hondakinen %80 ibaietatik iristen dela itsasora; eta ibaietan agertzen diren diren hondakin horietatik gehienak, berriz, "nahita" isuritakoak izaten direla nabarmendu du. "Ez dira ustekabean edo estolderiatik iritsi. Izan ere, batzuek ibaiak eta errekak beren zabortegi partikular gisa erabiltzen dituzte, eta hori ez da gauza berria"; hondakinak "legez kanpo isurtzen dira ibai ondoko aparkaleku, industriagune, negutegi, txabola, baratze eta etxeetatik", gaineratu du erakunde ekologistak.

Kontzientziazioaren bidea agortuta dagoela deritzo Eguzkik, eta zaborra era horretan isurtzen dutenen jokabidea eteteko, jokabide horiek zigortzearen beharra azpimarratu eta "poltsikoak ukitzeaz" hitz egin du. "Hondakinak botatzen dituztenek, ez dituzte botatzen osasunaren edo ingurumenaren inguruko kontzientzia falta dutelako bakarrik, baizik eta praktika horiek inolako ondoriorik ez dakarkiela ikasi dutelako. Urteen joanak erakusten du kontzientzien zain egoteak, arazo honen aurrean esku ez hartzeak, ez dituela espero diren emaitzak ematen. Aldiz, arazoa kronifikatu eta normalizatu egin du. Ibai sistemen gaur egungo egoera tamalgarriak horixe erakusten du. Abiadura jakin batean gidatzen badugu, ibilgailuak horretarako egokitutako guneetan aparkatzen baditugu, IATa pasatzen badugu, leku jakin batzuetan erretzen ez badugu, zergak ordaintzen baditugu... egiten dugu neurri handi batean hori egin ezean zigortzen gaituen lege bat dagoelako. Egia da badirela kontzientzia edo arrazoi moral hutsengatik egiten dutenak, noski, baina gutxienak dira".

Aurrekoarekin lotuta, erakundeek eskura dituzten lege eta arau tresnak aipatu ditu Eguzkik bere oharrean. Horrela, Uren Legeak urak kutsatzen dituzten "zuzeneko edo zeharkako isurketak debekatu" egiten dituela ekarri du gogora, eta horiek zaintzea eta betearaztea Ura agentziari dagokiola. Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legeak, berriz, "zaborrak uzteko, isurtzeko eta kontrolik gabe kudeatzeko modu guztiak prebenitzeko neurriak hartzeko beharra" ez ezik, "informatzeko eta jokabide arduratsua sustatzeko neurriak hartzeko beharra" ere jasotzen duela azaldu du Eguzkik, eta azken hori udalei dagokiela dio. Horregatik, "neurri zuzentzaile gisa", eskatu die Urola ibarreko bost udal horiei ibaian pilatutako zabor guztia kentzeko; halaber, ibaitik kendutako zaborra "herritarrei arazoaren berri emateko" erabiltzea eskatu die Eguzkik udalei, "eskura dituzten hedabide guztiak" horretarako erabiliz. Era berean, Ura agentziarekin lankidetzan, isurketak "maiz" gertatzen diren ibai zatiak eta guneak hautatzea, identifikatzea eta horiek zaintzapean izateko neurriak ezartzea eskatu die erakunde ekologistak udalei.