Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiko finala jokatuko du Jurdan Arakistainek igandean

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 26a, 09:00
Jurdan Arakistan Zumaiako Pilota Elkarteko kirolari zestoarra, atzo Zarautzen egin zuten Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiaren finaleko aurkezpenean. (Jabi Gonzalez Toston)

Zumaiako Pilota Elkarteko kirolari zestoarrak Eneko Sagarmendi mutrikuarrarekin osatuko du bikotea eta Iñaki Davison zarauztarraren eta Iraitz Huegun donostiarraren aurka arituko dira nor baino nor Aritzbatalden.

Aritzbatalde pilotalekuak zehaztuko du zein diren Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiaren seigarren edizioko bikote txapeldunak igandean 12:00etan hasita. Bi final jokatuko dituzte, adimen urritasuna duten pilotarien kategoriakoa, bata, eta, urritasun fisikoa duten pilotarien kategoriakoa, bestea, eta Zumaiako Pilota Elkartea ordezkatuta egongo da. Hain justu, Jurdan Arakistain zestoarrak jokatuko du finaletako bat. Adimen urritasuna duten pilotarien kategoriakoa, zehazki.

Igandekoa bigarren finala izango da Arakistainentzat eta Eneko Sagarmendirekin osatuko du bikotea. Aurrean, Iñaki Davison zarauztarra eta Iraitz Huegun donostiarra izango dituzte; finalera iritsi aurreko partida guztiak irabazi dituen bikotea. Nola nahi ere, zestoarrak ikusten du irabazteko aukerarik, nahiz eta final "gogorra" espero duen.

Urritasun fisikoa duten pilotarien kategorian, bestalde, orain arteko final guztietan parte hartu duen Beñat Lizaso oiartzuarra Asier Navaridas subillarrarekin arituko da eta Edorta de Anta lekunberriarra eta Aingeru Senprena bidaniarra izango ditzute aurkari. Gurpildun aulkian arituko dira.