Aldundiak 400.000 euroko partida onartu du Zumaia eta Getaria artean denboraleak eragindako kalteak konpontzeko

Andrea Zipitria 2024ko mar. 13a, 13:00
Trafikoa arautzeko semaforo bat Getarian, N-634 errepidean. (Jabi Gonzalez Toston)

Diputatuen Kontseiluak 350.000 euroko diru partida onartu zuen duela hiru aste Zarautz eta Getaria arteko errepideko kalteak konpontzeko. Orain, onartu berri den zuzkidura, berriz, Getaria eta Zumaia arteko errepidean, martxoaren 5ean detektatu ziren kalteak konpontzeko izango da. Guztira, 400.000 euroko partida jarriko du.

Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, 400.000 euroko partida onartu du martxoaren 5ean, N-634 errepidean, Zumaia eta Getaria artean eragindako kalteak konpontzeko. Eta, hilabeteko exekuzio-epea izango du.

Azaldu duenez, kalteek kostaldeko horman izan zuten eragina hamabi metroko luzeran eta hormigoizko harlangaitzezko estalduran ere bai 22 metroko luzeran. Halaber, zuloa egin zen itsasora ematen duen erreian eta hamar metroko sakonera du. Horregatik guztiagatik, semaforoz arautuko dute ibilgailuei txandaka bide emateko, eta zirkulazioa bi erreitan "lehenbailehen" berreskuratzeko ahalegina egingo da, errepide horrek duen "garrantzia".

Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidean agertutako zuloen egoerari dagokionez, lanak hasiak daude dagoeneko. Unean-uneko trafiko mozketak eragingo dituzte obrek, eta ibilgailu astunek debekatuta izango dute zirkulatzea. Hori horrela, aldundiak gomendatu du ahal den neurrian behintzat Meagaseko errepidea aukeratzea, eta gogorarazi du informazio-kanal bat prestatu dela Telegram aplikazioan (kanalaren izena: N-634 KOSTA), non errepidearen puntu horren itxieren eta gorabeheren berri ematen den.