Bihar aurkeztuko dute 'Matx' kirol aplikazioa

Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 12:00

Donostiako Tabakalerako Z aretoan egingo dute agerraldia bihar, 18:30ean. "Gertuko kirol komunitate berri bat" sortzeko intentzioarekin garatu den "proiektu estrategikoa" da Matx

Urteetako lan gogorraren ostean, iritsi da Matx kirol proiektua jendaurrean aurkezteko eguna. Bihar arratsaldean egingo dute ekitaldia, Donostian. Matx kirol aplikazio bat izango da. Kirola dinamizatuko du, gertukoa balioan jarriz, eduki freskoa eskainiz eta kirolzaleen, kirolarien zein kluben arteko harremanak erraztuz. Halaber, ikus-entzunezko edukiak, emaitzak eta sailkapenak erakusteaz gain, klubentzako digitalizaziorako erreminta ere izango da. 

Tokikom sareak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak elkarlanean pentsatu eta landu dute egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Arduradunen esanetan, "gertuko kirol komunitate berri bat" sortzeko intentzioarekin garatu den "proiektu estrategikoa" da Matx. 

Donostiako Tabakalerako Z aretoan egingo dute agerraldia bihar, 18:30ean, eta proiektuko kideekin batera, bertan izango dira, besteak beste, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuordea eta Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia. Federazioetako eta klubetako ordezkariak, kirolariak eta babesleak ere gonbidatu dituzte Matx-en aurkezpen-ekitaldira.