AP-8 autobidea itxiko dute igande goizaldean Bilboko noranzkoan

Mireia Galarza Bastida 2024ko urt. 26a, 10:00
AP-8 autobidean egiten ari diren lanen lekua. (Zarauzko Udala)

Sei orduz moztuko dute errepidea, 00:00etatik 06:00etara, zehazki. Bitartean, ibilgailuek Zarauzko ordainlekutik atera beharko dute N-634 eta GI-631 errepideak erabiltzeko.

Otsailean hasi zituzten AP-8 autobideko trafikoak Zarautz parean sortzen duen zarata isolatzeko lanak, eta obraren azken fasearekin ari dira orain. Hain zuzen, errrodadura geruza berria zabalduko dute igande goizaldean, eta hori dela eta, Zarautz eta Zestoa arteko zatia itxita egongo da sei orduz, 00:00etatik 06:00etara, zehazki.

Bilboko noranzkoan izango da mozketa, eta horrek irauten duen bitartean ibilgailuek Zarauzko ordainlekutik atera beharko dute N-634 eta GI-631 errepideak erabili eta berriro ere Arroan autobidera sartzeko. 06:00ak aldera irekiko dute itxitako tartea, baina ez ohiko moduan. Izan ere, Behobiarako noranzkoan dagoen errei bat ahalbidetuko dute zati hori egiteko, eta 15:00ak arte iraungo du desbideraketak.