Dozenaka lagun erakarri ditu Arroabeko artisauen eta baserritarren azokak

Ane Olaizola 2023ko aza. 19a, 13:18

Herritarrek askotariko produktuak ikusi eta erosteko aukera izan dute Ezkaizto auzo elkarteak Txara dendaren laguntzarekin antolatutako azokan, eta paregabeko giroa nagusitu da eguerdira bitartean. 

Ezkaizto auzo elkarteak Txara dendaren laguntzarekin antolatuta, artisauen eta baserritarren azoka egin dute gaur, igandea, goizean Arroabean, eta aurtengoan Txikitasunean Handi asteburuaren egitarautik kanpo prestatu badute ere, beste urte batez erantzun beroa izan du egitasmoak.

Dozenaka lagun elkartu dira azokan jarri dituzten 44 postuen bueltan, eta hiru gunetan banatuta, askotariko baserritarrek zein artisauek ekoitzitako askotariko produktuak izan dituzte horiek. Baserritarrei dagokienez, intxaurrak, eztia, esnekiak, barazkiak, bakailaoa, foie, txorizoa, ogia edota pastelak erosketa aukera izan dute herritarrek; artisauen gunean, berriz, bitxiak, zeramika zein egur lanak, ukenduak, xaboiak, oinetakoak, arropa edota bestelako eskulanak jarri dituzte salgai; Joxe Migelen plazan, bestalde, jan-edana izan da nagusi, talogileen eta sagardo, ardo zein txakolin ekoizleen eskutik.

Eguraldiak lagunduta, primerako giroa nagusitu da eguerdira bitartean, eta arroarrek ez ezik, inguruko hainbat herritarrek ere ez dute huts egiterik nahi izan.