GZR, doinu bizi-biziak dituen rock taldea

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 10a, 08:00

GZR taldeko kideak. (GZR)

Getariako musika banda omen, bertan sortu eta bertan entseatzen dutelako, baina izatez, kide bakarra da hangoa, Iban Gontan abeslaria. Zarauztarrak dira Ibai Goikoetxea bateria eta Xabi Olaizola gitarrista, eta zumaiarra, berriz, Aitor Aristi baxua. Zarauzko Arranopola egitasmoan joko dute gaur iluntzean, Musika Plazan. 

Iaztik kalean dute bederatzi kantuz osatutako disko bizi-bizia, eta udazken-negu parte honetan bigarrena grabatzeko asmotan dira. Kontzertu gutxi dituzte horregatik, "elkartu eta dena erabaki eta zehaztu beharra" dutelako. Hori bai, gaur 20:00etan Zarauzko Arranopola egitasmoan joko dute, Musika Plazan. Getariako GZR taldea da.

Herri horretako taldetzat dute beren burua, bertan sortu eta bertan entseatzen dutelako. Izatez, berriz, bakarra da Getariakoa: Iban Gontan abeslaria. Zarauztarrak dira Ibai Goikoetxea bateria eta Xabi Olaizola gitarrista, eta zumaiarra, berriz, Aitor Aristi baxua.

Urte gutxiko ibilbidea du rock taldeak, baina hainbat tokitan kontzertuak emateaz gain, aurreneko diskoa kaleratuta dute, eta bideoklip txukunak ere badituzte Youtuben zintzilikatuta. "Pandemia garaian sortu genuen taldea; 2021eko udazkenean hasi ginen entseatzen. Xabik eta Ibanek elkarrekin egiten zuten lan, eta Xabik ordurako bere kabuz prestatuta zituen abesti batzuk etxean. Musika talde bat sortzea erabaki zuten, eta gero batu ziren taldera aurrena Ibai, eta gero Aitor", azaldu dute.

Rock bizi-bizia eta kritika soziala

Punk estilotik datoz taldekide batzuk, baina proiektu honetan rock estilora jo dute gehiago, nahiz eta erritmo bizi-bizikoak izan abesti asko.

Gaiei dagokienez, egunerokotasuna dute hizpide: "Gizartean ohikoak diren gaiei buruz  abesten saiatu gara: Zarautz eta Getaria herri turistikoak dira, eta horri kritika egin nahi izan diogu abesti batean; beste batean, kritikatu dugu beti bi aldeen artean aukeratzera derrigortzen gaituztela; eta 0 Km gaiaren inguruan ere abestu dugu, esanez beti hemengo produktuak kontsumitzeko eskatzen digutela baina produktu horietako asko kanpokoak direla. Uste dugu, gure letrak entzunez gero, herritar batzuk guk diogunarekin identifikatuta senti daitezkeela".

Aurreneko diskoa kalean, bigarrena buruan

Taldekideek azaldu dutenez, Olaizolak "ideia asko" eraman zituen talde hasiberrira, eta hala, "entseatzen hasi eta urte erdira edo" hasi ziren kontzertuak ematen, "jada abesti mordoarekin", gogoratu dute. "Prozesu azkar samarra eta naturala izan zen taldea sortzetik kontzertuak ematera eta diskoa prestatzera artekoa", gaineratu dute.

Ordo txikira izena du diskoak, eta Zumaiako Ozen estudioan grabatu zuten Jurgi Taboadarekin iazko iraila eta azaroa bitartean. "Aurrez maketa bat grabatu genuen ordenagailuarekin, baina erabaki genuen disko bat argitaratzeko saltoa eman behar genuela, estudio batera jota. Oso gustura gelditu gara emaitzarekin, bai guk egindako lanarekin, bai Jurgik egindakoarekin. Asmatu egin genuen beragana joz".

Abenduan kaleratu zuten sarean hainbat plataformatan, eta euskarri fisikoan ere atera zituzten ale batzuk, bai diskoak, bai biniloak.

Orain, bigarren diskoa dute buruan: "Kontzertuak ematea utzi eta pausa txiki bat egingo dugu orain kantu berriak sortzeko-eta, epe motzean disko berria grabatzeko asmoa baitugu. Oraindik ez dugu erabaki zenbat kantu izango diren eta zein; aurrena laurok elkartu eta lanketa egin behar dugu, eta erabakiak hartu", kontatu dute.