Gaurko Euskotreneko lanuzteek garraio zerbitzuari eragingo diote

Intza Trula 2023ko uzt. 20a, 10:30
Lurraldebusen autobusa Zumaiako herrigunean. (Jabi Gonzalez Toston)

Langileen falta salatzeko deitu dute greba ELA, Independenteak, ESK eta CGT sindikatuek. Grebak dirauen bitartean gutxieneko zerbitzuak eskainiko ditu Euskotrenek.

Gaurko deitutako grebak Euskotrenek eskaintzen dituen garraio zerbitzu guztietan izango du eragina. ELA, Independenteak, ESK eta CGT sindikatuek deitu dute grebara, egungo zuzendaritzak kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren langileen planifikazioa eta kontratazioa ez dituela egin salatzeko. Lanuzteek eragina izango dute goizean goiz, eta 18:00etatik 20:00etara ere antzemango dira. Gutxieneko zerbitzuak eskainiko ditu Euskotrenek ordu horietan. 

Sindikatuek salatu dute "planifikazio eta langileen faltak eguneko zerbitzuen %25 kaltetzen" dutela. "Zerbitzuak bete gabe uzten dira eta langileen ordutegiak gero eta gutxiago errespetatzen dira", azpimarratu dute deitzaileek. Halaber, "festetako eta gaueko zerbitzuetan segurtasun gehiago" eskatu dute. 

Horrenbestez, gaur 18:00etatik 20:00etara lanuzteak egingo dituzte Euskotreneko beharginek, eta horiek eragina izango dute garraio konpainiak eskaintzen dituen zerbitzu guztietan, trenetan zein autobusetan. Ordu horietan Euskotrenek eskainiko dituen zerbitzuak ikus daitezke lotura honetan.