Eskualdeko hainbat baserritan bisitak izango dira, Ongi Etorri Baserrira! egitasmoaren barruan

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 4a, 14:15
2018an Premi-Etxeberri baserrian egin zen bisitako irudi bat.

Ostiralean eta larunbatean izango dira doako bisita gidatuak. Horietako batzuetan dagoeneko osatuta daude taldeak, baina oraindik eman daiteke izena Azpeitiko Premi-Etxeberriko, Beizamako Oiarbi-Saletxeko, Getariako Giez Berriko eta Beizamako Urkizaharreko bisitetarako.

Ongi Etorri Baserrira! egitasmoaren beste edizio bat antolatu du Enba Euskal Nekazarien Batasunak ostiralerako eta larunbaterako. Euskal Herriko hainbat txokotako baserrietan nahiz ustiategietan bisita gidatuak eskainiko dituzte bi egun horietan, tartean eskualdeko hainbatetan.

Urola Kostan zazpi baserritako ateak zabalduko dizkiete ostiralean nahiz larunbatean bisitariei: ostiralean, Azpeitiko Premi-Etxeberrik (larre behiak, ardiak eta gazta), Beizamako Oiarbi-Saletxek (behi limusinak eta txerriak) eta Getariako Giez Berrik (eztia); eta zapatuan, Beizamako Urkizaharrek (mahastiak eta txakolin ekologikoa), Errezilgo Basabe Barrenak (sagastiak eta baserriko ogia), Zarauzko Baso Beltzek (barazkigintza) eta Zumaiako Xarrondo Behekoak (esne behiak, esne ontziratua eta jogurrak).

Horietako batzuetan dagoeneko osatuta daude taldeak, baina oraindik eman daiteke izena Premi-Etxeberriko, Oiarbi-Saletxeko, Giez Berriko eta Urkizaharreko bisitetarako; Ongi Etorri Baserrira! egitasmoaren webgunean dago horretarako aukera. Saioak doakoak izango dira, eta parte hartzaileek 11:00etarako egon beharko dute bisitak egingo diren guneetan.