Hirugarren urtez, Elkanoren Talaia itsas zeharkaldiak eskainiko dituzte

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 9a, 08:00
Agintariak eta turismo sektoreko teknikari eta profesionalak, atzo eguerdian, Begi-bistanen ontzian sartzen. (Onintza Lete Arrieta)

Itsas zeharkaldiek hiru iraupen izango dituzte: 45 minutu, 90 minutu edo 180 minutu, eta irteera eta helmuga portuak dituzten herrietan izango dira, alegia, Getarian, Zumaian eta Orion. "Urola Kostako itsas ondarea eta Elkanoren irudia ardatz hartuta, balioan jarriko dira eskualdeko ingurumena, kultura eta historia", azpimarratu du Lourdes Salsamendi udal elkarteko lehendakariak.

Begi-bistan enpresak hirugarren urtez eskainiko ditu Elkanoren Talaia izeneko itsas zeharkaldiak, eta horretarako, erakunde publikoen babesa izango du aurten ere. "Guretzat oso garrantzitsua da babes hori, bestela askoz gehiago kostatuko litzaigukeelako halako egitasmoak garatzea", adierazi zuzen atzo Getarian egindako aurkezpenean Naiara Malave ordezkariak. Azaldu zuen turismo sektorearentzat egindako produktua dela Elkanoren Talaia, eta Elkano bera "aitzakia" gisa erabiltzen dutela "eskualdeko itsas ondare guztia balioan jartzeko".

Elkanoren Talaia ibilaldiek Zarautzen eta Aian geldialdirik egiten ez duen arren, bi herri horiek ere protagonismoa dutela azpimarratu zuen Malavek. "Guretzat eskualde osoko bidaia eta esperientzia da hau". Hala, ibilbideak hiru etapa ditu eta hiru iraupen, eta bisitariek erabaki dezakete osoa egin ala zati bat. Begi-bistanek zatika egitea gomendatzen die, bitartean eskualdeko herriak ezagutu ditzaten. "Gainera, gure herriak oso ondo komunikatuta daude, eta trenez edo autobusez erraz itzul daitezke itsasontzia hartu duten herrira".

Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte, baina aurten, berrikuntza gisa, bisitariek ingelesez eta frantsesez ere entzun ahalko dituzte azalpenak, eskuko telefono bidez.

Ezkerretik hasita, Begi-bistan enpresako Naiara Malave, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Haritz Alberdi Getariako alkatea eta Iker Goia aldundiko Turismo zuzendaria, atzo Getarian. (Onintza Lete Arrieta)

Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak, berriz, egitasmoari  buruzko hainbat xehetasun eman zuen, eta agintaldi amaiera izaki, aurkezpena baliatu zuen eskerrak emateko lau urte hauetan lankide eta bidelagun izan dituenei, hala nola teknikariei eta turismo sektoreko profesionalei, baita agintariei ere, zehazki, aurkezpenean izan ziren Haritz Alberdi Getariako alkateari eta Iker Goia Turismo zuzendariari.

Azken horrek ere hitza hartu zuen "eskerrak" emateko denei. "Lurraldearekiko eta ingurumenarekiko konpromiso handia duzue Gipuzkoako turismo sektoreko kideok, egunero zuen lanarekin erakusten duzue, eta hori gizarteak ez du behar bezala baloratzen", iritzi zion.

Eskualdeko turismo alorreko ordezkari ugari ere izan zen atzoko aurkezpenean, eta horiek guztiek aukera izan zuten 45 minutuko zeharkaldia egiteko, Getariatik abiatuta. Gainera, Malavek jakinarazi zuen turismo sektorearekin lotutako eskualdeko profesional orok aukera izango duela itsas zeharkaldi hauek doan egiteko, eta horretarako Begi-bistanekin harremanetan jarri besterik ez dela egin behar.

Haritz Alberdi Getariako alkatea ere izan zen aurkezpenean, eta hark azpimarratu zuen Elkanoren Talaia egitasmoak bezala, Getariako Udalak ere lehen mundu biraren urteurrena aprobetxatu zuela "bidaia bera kontatzeaz gain, garai hartan euskaldunok zer izan ginen, eta ginenaren inguruan hausnartzeko". "Elkanoren Talaiak ere jasotzen du bidaia hura, baina baita 500 urte hauetan zer izan garen eta itsasoarekin eta arrantzarekin zer harreman izan dugun, eta alde horretatik, eskerrak eman nahi ditut, h0nelako egitasmoak ezinbestekoak direlako ez momentu konkretu batean gelditzeko, baizik eta izan garenaz eta etorkizunaz hausnartzeko".

Hiru ibilbide aukeran

Aste Santuetatik azaroaren 1era bitartean, igandero eskaintzen dituzte bisita hauek. Uztailean eta abuztuan, igandeetan ez ezik, asteazkenetan ere egiten dituzte.

45 minutuko itsas irteerak:

  • Zumaiatik Getariara
  • Getariatik Oriora
  • Oriotik Getariara
  • Getariatik Zumaiara

90 minutuko itsas irteerak:

  • Zumaiatik Oriora (Getarian geldiunea eginez, itsasontzitik jaitsi gabe)
  • Oriotik Zumaiara (Getarian geldiunea eginez, itsasontzitik jaitsi gabe)
  • Getariatik Getariara (Orion geldituz)

180 minutuko itsas irteera:

  • Zumaiatik Zumaiara, Getariako eta Orioko portuetara sartuz

Informazio osoa hemen dago eskuragarri.