Julen Agirre: "Artean 2+2 ez da beti 4 izaten; izan daiteke 123, baita -20 ere"

Mireia Galarza Bastida 2023ko ots. 21a, 09:28

Julen Agirre. (Utzitakoa)

Azpeitiarra izatez, Zumaian bizi da Julen Agirre artista eta ikerlaria. 2017tik doktorea da Arte Ederretan, eta gaur egun, irakaslea izateaz gain, Lasia ikerketa taldeko kide ere bada. Saioa emango du etzi Dinamoan, Grafiaz Betea ikastaroaren barruan, 18:00etan.

Esku grafiaren inguruko saioa eskainiko duzu ostegun honetan Dinamoan. Zer egingo duzue zehatz-mehatz?

Esku grafia diogunean, marrazketari buruz ari gara; hori izango da saioaren ardatza. Bi irudi jarriko ditut bata bestearen alboan, lehen begiradan elkarren artean zerikusirik ez dutenak, eta helburua izango da hirugarren bat sortzea marrazki bitartez. Erabiliko ditugun irudi horiek doktore tesian aztertu nituen: batzuk zinematik datozen irudiak dira, lagunen argazkiak ere badaude tartean, nire irudiak ere bai, artelanen argazkiak...

Nik ikusten dut irudi horiek lotzen dituen hari bat, eta ikasleek prozesu bera egitea nahi dut. Gainera, nahi nuke parte hartzaileak ez geratzea lehen planoan ikusten dutenarekin, baizik eta bestelako gauzei erreparatzea: ehundura, irudiaren atzealdea, formen antzekotasunak… Bide horretan, interesgarria da irakurketa literala ez egitea; marrazten denak ez dauka zertan logikoa edo figuratiboa izan beharrik.

Zer lor daiteke ariketa horren bidez?

Marrazkiarekin esperimentatzea. Marrazketa beti interpretatu izan da azaleko praktika bat bezala, eta ez hainbeste praktika artistiko bat bideratuko duen diziplina moduan. Beste era batera esanda, marrazkia ez da beste zerbaiten osagarria. Horregatik, ikastaroan arkatzak bakarrik erabiliko ditugu, gogortasun desberdinetakoak, horrek aukera asko ematen dituelako trazuan arreta gehiago jartzeko.

Ez diogu teknikari hainbeste erreparatuko, arreta gehiago jarriko dugu eskuaren mugimenduan. Azken finean, "nola?" galderari gehiago erreparatuko diogu "zer?" galderari baino, eta bidean egingo ditugu galderak emaitzarekin gehiegi itsutu beharrean.

Ostegunekoa, ordea, ez da irakasten ariko zaren lehen aldia izango, egunerokotasunean ere irakaslea zarelako.

Bai, Arte Ederretan doktorea naiz, eta beste hainbat zereginen artean, irakaslea ere banaiz. Azken finean, irizpide batzuk jarri behar ditugu ikasleen lanak baloratzeko, baina beti esaten dugu artean 2+2 ez dela beti 4; izan daiteke 123, baina baita -20 ere. Kimikan, adibidez, lorpen bat egiten bada, hurrengo lorpena puntu horretatik abiatzen da. Artearen kasuan, atzera egin dezakezu gero aurrera beste modu batera egiteko, eta hori egiten jakin behar du irakasleak.

Zuri nondik datorkizu marrazketarekiko interesa?

Gogoratzen dut txikitan oso aspergarriak iruditzen zitzaizkidala koloreztatzeko marrazkiak, nahiago nuen arkatza edo boligrafoa hartu eta marrazkiak nik neuk egitea. Arte Ederretako ikasketak egiten hasi nintzenean, egia da eskultura ere asko landu nuela, baina denborarekin marrazketara itzuli nintzen. Bilakaera bat egon dela iruditzen zait, eta gaur egun koloretako arkatzak erabiltzen baditut ere, gehiago dira marrazteko koloreztatzeko baino.

Eta zer dela eta erabaki zenuen doktore tesia egitea?

Bartzelonan denboraldi bat egin eta gero, Bilbora itzuli nintzen. Orduan sentitu nuen nire formazioari jarraipena eman nahi niola, eta doktore tesiarekin hasi nintzen. Tesia egiten ari nintzela jabetu nintzen irakaskuntza mundua atsegin nuela.

Irakasle izan bai, baina sortzaile izateari ez zaio inoiz utziko, ezta?

Ez. Gainera, unibertsitatean eskatzen dizuten zerbait da sortzen jarraitzea. Erakusketak, artikuluak, kongresuak... Dena hartzen da kontuan.