Bi urteko etenaldiaren ostean, bueltan izango da Itziarko Peria

Itziarko Auzo Udala 2022ko urr. 22a, 15:19

1994an lehendabiziko aldiz peria egin zen bezalaxe, aurten ere, azaroaren 1ean, asteartea, Itziarko Peria ospatuko da Itziarren. Aurten 27. urtez  antolatu da peria auzolanean.

Goizeko 9.00etan irekiko ditu ateak periak eta  eguerdiko 14.00etan itxi. Aurten, berrikuntza moduan, herri bazkari irekia egingo da  Zabalsoro frontoian, 15:00etan, eta, ondoren, erromeriaz gozatzeko aukera ere  izango dute bertaratzen direnek.

Azaroaren 1ean Itziarrera joango diren bisitariek hainbat animalia mota ikusteko aukera izango dute. Besteak beste, hegaztiak,  ardiak, ahuntzak, poneyak... Aiako Indate Berri baserriko abere bitxien erakusketa ere izango da, hegazti zein ganaduak. Lasturko Gailur zalditegiko zaldien erakusketa eta umeek paseotxoa emateko aukera ere izango da. 

Ardiei eta ahuntzei dagokienez, Euskal Herriko sasi ardi txapelketa eta sari banaketa egingo dira, baita Gipuzkoako ahuntz azpi-gorrien txapelketa eta sari-banaketa ere. 

Bertako produktuak eta bestelakoak 

Animaliez gain, bertako produktuez gozatzeko aukera ere izango da Itziarren. 200 postu inguru izango dira guztira aurtengo perian; bertoko produktuak, artisauak, arropak... "Aurten artisau postu gehiago izango dira, bertako produktuen aldeko apustua indartu egin baitugu. Bertako baserrietako produktuen gunean, besteak beste, Zortziko (eztia), Txindurriturri (sagardoa), Lizagazar (sagardoa), Errezilgo sagarrak, Xarrondo baserria (esnekiak), Doniene berri (barazkiak) edo Irure Txiki (ogia) izango dira".

Makineria munduak ere presentzia izango du perian. Gipuzkoako bost etxeren eskaintza zabala ikusteko aukera izango da: beraien traktoreak, Quad-ak, motozerrak, sasi-garbitzeko makinak eta baserrirako era guztietako lanabes edota tresneriak. Horretarako, Tolosako Hernialde lantegia, Alegiako Berri lantegia, Zarauzko 
Makineria etxea, Zumaiako Redymar etxearen erakusketa zabala, eta Errezilgo Basabe izango dira. 

Goiza Itziarko dultzainero, trikitilari eta pandero joleek alaituko dute. "Goizeko tripa zorriei aurre egiteko, talogileak ere etorriko dira Loiutik, Seguratik eta Ataundik. Taberna zerbitzua ere izango da, Basatxerri eta Lumagorriko bertako produktuen pintxo aukera zabalarekin".  

Herri bazkaria  

Peria egunean lehenbizikoz herri bazkaria egingo da Zabalsoro frontoian. Bazkarirako txartelak Burugorri Ostatuan eta Itziarko Hostala jatetxean eskuratu daitezke (helduak 20 euro, 12 urtetik beherakoak 10 euro). Erreserbak telefono bidez ere egin daitezke, 665 92 44 10 zenbakira WhatsAppeko mezuak bidalita. Bazkariaren ondoren erromeria izango da. 

Garraio publikoa  

Egun horretan Itziarrera gerturatzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da. Bai Zumaiatik eta bai Debatik autobusak egongo dira. Horrez gain, herritar boluntarioak arituko dira trafikoa bideratzen. Industrialdean zein Txitxarro dantzalekuko aparkalekuan utzi  ahal izango dira ibilgailuak, bigarren horretatik doaneko autobus zerbitzua izango da periko gunera.  

"Azkenik, auzolanean herri osoak parte hartzen duen egun zoragarri honetara etortzeko gonbita egin nahi dugu Euskal Herri osora".