Asteazkenean hasiko dituzte sanbartolomeak oikiarrek

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 21a, 09:00
2019an ospatu zituzten azkenekoz sanbartolomeak Oikian, eta orduan ere egin zuten paella herri bazkarirako.

Bost egunez izango da zer gozatua Oikian bertako jai batzordeak prestatu duen egitarauari esker.

San Bartolome jaiez gozatuko dute oikiarrek datorren astean. Asteazkenean hasita, bost egunetan askotariko ekitaldiak izango dituzte aukeran. San Bartolome egunarekin hasiko dira festak, eta ondoren, Umeen Eguna eta Blusa Eguna etorriko dira. Festak amaitzeko, berriz, San Agustin Eguna ospatuko dute.

Herri bazkaria eta kroketa lehiaketa

Jai batzordeak prestatutako ekitaldiez gozatzeaz gain, parte hartzeko aukera ere izango dute auzotarrek. Esaterako, Kroketa Lehiaketan. Parte hartu nahi dutenek hamar kroketa aurkeztu beharko dituzte abuztuaren 27an, larunbata, 12:00etan.

Kroketa batzuk epaimahaikideek dastatzeko izango dira, eta besteak, saldu egingo dituzte, bakoitza 50 zentimotan.

Epaimahaikideek kroketen itxura eta zaporea, biak baloratuko dituztela jakinarazi dute.

Bestalde, festen antolatzaileek jakinarazi dute ostiraleko herri bazkariko menua zein izango den: helduentzat paella, postrea eta kafea eskainiko dute 10 euroren truke; haurrentzat, berriz, arroz zuria tomatearekin eta izozkia, hiru euroren truke.

Bazkarirako txartelak aurrez hartu behar dira –636 56 15 15 zenbakira deituta (Unai)–, eta horretarako azken eguna datorren asteazkena izango da, abuztuaren 24a.

Lurraldebusek autobusak jarriko ditu

Bestalde, Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia eskainiko du festen egunetan Zumaiatik Oikiara joan-etorria autobusez egin nahi duenarentzat.

Hauek dira ordutegiak:

 

Egitaraua

Honakoa da jai batzordeak prestatu duen egitaraua:

Abuztuak 24, asteazkena

  • 10:30. Meza nagusia.
  • Ondoren. Pilota partidak: palaz, buruz buru: Beristain-Beristain. Eskuz binaka: Larrañaga-Irazustabarrena vs. Murua-Garmendia.
  • 18:00. Asto probak: Artabilla, Menbri eta Etxabe.
  • Ondoren. Bingo musikatua poteoan.
  • 23:30. Erromeria Laja eta Lutxurdiorekin.

Abuztuak 25, osteguna, Umeen Eguna

  • 10:30. Aurpegi margoketa eta jolasak.
  • 12:30. XIV. Karrikotxe Jaitsiera.
  • 14:00. Umeen herri bazkaria.
  • 16:00. Puzgarriak eta jolasak.
  • 21:00. Umeentzat disko festa.

Abuztuak 26, ostirala, Blusa Eguna

  • 11:30. Bertso poteoa txarangarekin. Bertsotan, Julio Soto eta Jon Maia.
  • 14:00. Herri bazkaria plazan.
  • 17:00. Txan magoa.
  • Ondoren. Zoro jolasak.
  • 23:00. Laket taldea.

Abuztuak 27, larunbata

  • Goizean. Bizikleta klasikoen erakusketa txangoa.
  • 12:00. Kroketen lehiaketa gastronomikoa.
  • 18:00. Sagardo dastaketa.
  • 22:00. Erromeria Izer eta Alabierrekin.
  • Ondoren. DJ Berto, goizaldera arte.

Abuztuak 28, igandea, San Agustin Eguna

  • 09:45. Meza nagusia.
  • Ondoren. Herriko edadetuei omenaldia.
  • Goizean zehar. Otxotea herrian zehar.
  • 12:00. Lopeneren animaliak.
  • 14:00. Herriko jubilatuen bazkaria Muniosoron.
  • 18:00. Herri kirolak. Aizkoran: Aratz Mugertza, Jexux Mujika, Eloi Kortxero, Arkaitz Jauregi. Harri jasotzen: Udane Ostolaza.
  • Ondoren. Idi probak: Etxetxo eta Etxabe.
  • 22:00. Erromeria, Ostolaza eta Larrañagarekin.