Zumaiarrentzat aukerak zabaltzen dituen turismoa

Zumaiako Udal Gobernua 2016ko aza. 28a, 10:10

Zumaia eta turismoa eskutik emanda joan dira betidanik. Zumaiarrok ondo ezagutzen ditugu gure herriak eskaintzen dituen altxorrak eta hauek guztiak bistakoak dira kanpotik datozen bisitarientzat ere. Baina, noski, gaur egun ezagutzen dugun turismoak ez du zer ikusirik antzinakoarekin.

Joan den mendetik gaur egun bitarte errepaso bat egingo bagenu, lehenik eta behin, turismo klasista batekin egingo genuke topo. Garai hartan oso gutxik zuten bidaiatzeko ahalmen ekonomikoa eta hauek luxuzko hotelak bisitatzen zituzten. Ordukoak dira gure herriko Gran Hotel Amaya edo Hotel Zumaia esaterako. 60. eta 70. hamarkadetan ordea, turismo mota honek izugarrizko aldaketa izan zuen. Eibar, Elgoibar edo Arrasate bezalako herrietatik itsaso aldera hurbildu ziren bisitariak eta ondorioz, kostako turismoa indarra hartuz joan zen.

Hala eta guztiz ere, azken 15 urteetan izan du turismoak aldaketarik nabarmenena, gaur egun gizartearen gehiengoak baititu bidaiatzeko aukera eta baliabide ekonomikoak. Baina, hau asko aldatu eta zabaldu bada ere, Zumaiaren edertasunak ukaezina izaten jarraitzen du herritar zein bisitarientzat. Argi dago egungo turismoak nabarmen jotzen duela kostaldera eta kasu honetan, gure herriak kokaleku ezin-hobe eta pribilegiatua du. Baina Zumaiak ez du soilik hondartza giroa eskaintzen. Gure herriak baliabide natural ikaragarriak eskaintzen ditu. Esaterako, azken urteotan Flyscha eta bere inguruak aurkezten dituen paisaia naturalak balioan jarri dira eta ezin ahaztu ere Zumaia, Deba eta Mutriku lotzen dituen Geoparkea UNESCOk babestutako Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide dela. Horregatik diogu gure herriak, uda sasoiaz haratago ere, aukera eta altxor ugari dituela eta noski, hauek guztiak, ezinbestean, erakargarriak direla guztiontzat.

Eta aipatutako erakargarritasun honen adibide ditugu, esate baterako, azken urteotan gure herrian filmatu diren film edo telesail guztiak. Kontziente gara noski honek dagoeneko bultzada garrantzitsua eman diola herriko turismoari. Hori dela eta, urteak daramatza Udalak turismoaren aldeko pausoak ematen; aurreko legealdian, kanpin berria zabaldu eta hotel berri bat eraikitzeko asmoa ere garatu zen, besteak beste.
Zalantzarik gabe turismoak goranzko joera du. Baina ez dugu honen aurrean beldurtu edo kikildu behar, gureganatu eta aukera bilakatu behar baizik. Turismoa, herriko industriaz gain, zumaiarron bizi kalitatea eta erosotasuna bermatzeko gure ekonomia zein enpleguaren euskarri bilakatu daiteke, etorkizunera begira, uda sasoiaz haratago, herritarrei lan aukera berriak eskainiz. Gainera, urte osoko turismo honek lan kontratuak luzatzea ahalbidetzen du herrian kalitatezko enplegu jasangarria sustatuz.

Dena den, hau guztiak ez du esan nahi turismoa diru sarrera hutsa bezala ikusi behar dugunik. Turismoari esker gure herria, gure kultura, gure gastronomia eta gure altxorrak mundura zabal ditzakegu eta honek pertsonalki edo herri mailan aberastasun kultural garrantzitsua eragin dezake.

Beraz, hau da gure erronka nagusia, turismoa herritar ororentzat aukera bilakatu eta guztien ongizate eta bizi kalitatea hobetu eta bermatzeko baliabidea izatea, alegia. Eta helburu hau lortzeko Zumaia eta zumaiar guztiak izango zarete gure lan ardatz nagusia. Uneoro zuen beharrak lehenetsiko ditugu, betiere, Zumaiak eta zumaiarrok orain arte izan dugun oreka mantentzen jarraitzeko.