Denboraldia borobiltzeko helburua du Alex Urangak Portugalen

Baleike 2016ko ira. 13a, 12:38
Alex Uranga, Aricako olatuan.

Ia bi hilabeteko etenaldiaren ondoren, martxan da berriro Munduko Bodyboard Zirkuitua. Portugalen jokatuko dira hurrengo hiru probak: gaur hasiko da Sintrakoa, hurrengoa Vianan eta azkena Nazareko olatu ikusgarrian. Olatuaren aparrean jarraitu nahi du Alexek.

Portugalgo hiru probekin eta Kanariar Uharteetako azken probarekin osatuko da aurtengo txapelketa. Alex Uranga sailkapen nagusiko laugarren postuan dago (Jeff Hubbard, Costes eta Lavernheren atzetik), eta dena emateko gogotsu dago urtea ahalik eta posturik onenean amaitzeko. Abuztuan olatu politak izan dira euskal kostaldean eta uretan ondo entrenatzeko aukera izan du Alexek. 

Sintrako txapelketan zozkatu dituzte kanporaketak, eta Alex hirugarren errondan sartuko da uretara. Lewy Finnegan australiarra eta aurreko kanporaketatik sailkatutako beste bi rider izango ditu aurkari.

Hiru izarreko proba da Sintrakoa, Vianakoa bezalaxe. Nazarekoak baina, lau izar dauzka, eta horixe du begiz jota Alexek, oso gustuko baitu Nazareko olatu ikusgarria.