Goikoetxeak atzelari bezala jokatuko du Gernikako zesta punta finala

Baleike 2016ko abu. 11a, 11:54

Gernikako final handia jokatuko da bihar, ostiralea, 20:30etan. Berrikuntza handi bat izango du, izan ere, Iñaki Osa Goikoetxeak atzelari bezala jokatuko du, finala jokatu behar zuen Etcheto lesionatu delako. Sarrerak 19:30ean jarriko dira salgai frontoiko leihatilan.

Lapurdiko atzelariak, Nicolas Etchetok, lesioa du bizepsean eta ondorioz ezingo du Gernikako finala jokatu. Jai Alive enpresak nahikoa lan izan du Egigurenentzako atzelari bat aurkitzen. Enbilek Hossegorren jokatzen du gaur eta Lekeition larunbatean. Bere belauna ez dago partida asko jokatzeko. Inza lesionatuta dago, Erkiaga II.a ukituta eta, gainera, partida dezente ditu agendan; Alliez II.a ia egunero ari da jokatzen. Hori dela-eta, soluzioa Goikoetxea izan da. Azken 15 urte hauetako jokalari onenak atzelari bezala jokatzea proposatu izan du eta Jai Alive-ek bazuen jaialdiren batean froga egiteko asmoa. Heldu da ordua. Goikoetxeak Gernikako finala jokatuko du Egigurenekin, Alex Hormaetxea eta Ibon Aldazabalen aurka.

Goikoetxeak Inzarekin batera jokatu du Gernikako txapelketa eta finalaurrekotan kanporatuak izan ziren, Egiguren eta Etchetoren aurka, gainera. 

Jaialdiko lehen partidan Arbe eta Salegi markinarrek Aimar eta Etxebaren aurka jokatuko dute. Gernikan ohikoa den bezala, partiden aurretik musika saioa izango da eta ondoren Twist DJ izango da musika jartzen.