Surfesta egingo da larunbatean Itzurun hondartzan

Baleike 2016ko uzt. 13a, 19:20

Larunbat honetan, arratsaldean zehar surfeko materiala probatzeko aukera izango da. Iluntzean hasi eta gauean zehar, parrilada eta DJen musika saioa izango da hondartzan. Urrian Europako zurkuituko bodyboard proba jokatuko da Itzurunen.

Urtero garai honetan egin bezala, Zumaiako surf elkarteak, Ziskek, Surfesta antolatuko du. Larunbat honetan egingo da, arratsaldean hasi eta gauera arte, eta ohiko parriladaz gain, surfean hasteko aukera ere izango dute Itzurunera gerturatzen direnek.

16:00etan hasiko dira ekintzak Itzurunen. Ordu horretan hasi eta iluntzeko 8rak arte, surfean hasteko aukera izango dute kirol hau probatu nahi dutenek. "Surfeko materiala eskuragai jarriko dugu eta klubeko kideak monitore lanetan arituko gara. Doako ekintza izango da. Hala, ikastaroetan izena eman gabe, surfa probatzeko aukera izango dute", azaldu dute Ziskeko kide Iñigo Odriozolak eta Josu Alcantarak.

Aurten ere ez da faltako saiheski eta txorizo errea jateko aukera. Parrilada 20:00etan hasiko da eta jeneroa amaitu arte izango da martxan. Janariagatik borondatea emango da; garagardoak eta freskagarriak, aldiz, euro batean salduko dituzte.

Girotze lanetan, Mario Azurza (El Ciruelo) DJ-a izango da. "Zarauzko DJ-a da eta baita surflaria ere. 1980eko hamarkadako musika jarriko du, funk erritmoak, eta abar luze bat".

Surf eta bodyboardez betetako udazkena

Surfaren inguruan irailean eta urrian biziko denaren atarikoa besterik ez da hau. Besteak beste, herriko surf eta bodyboard txapelketa, Euskal zirkuituko bodyboard proba eta, garrantzitsuena, Europako zirkuituko bodyboard proba bat hartuko ditu Itzurunek. "Europa mailako izen garrantzitsuenetakoak etorriko dira".

Azken honen antolaketa lanak suposatuko dituen gastuak ordaintzen laguntzeko, diru kopuru baten ordez, abuztuaren 12an izango den Euskal Jai egunean lan egingo dute Ziskeko kideek. "Egun horretan denok egin beharko dugu lan".

Gaur egun ehun bat lagunek osatzen dute Ziske kluba. Horrek agerian uzten du kirol honek Zumaian ere hartu duen indarra. Udan antolatzen dituzten ikastaroek parte-hartzaileen gainbeera izan duela onartzen dute. "Gazte asko Zarautzera joaten dira. Baina, gero, beste faktore bat eta da lehen guk ematen genituela ikastaroak eta orain hiru eskola desberdin daudela".

Zumaian surfak eta bodyboardak azken urteotan izan duen arrakastaren beste adibide bat da hau. "Itzurun surfistez beteta dago". Eta eskerrak esan beharko da, askotan sorosle lanak egin beharrean izaten dira-eta, azken igandean ikusi zen bezala: uretako motorrarekin Itzurunera joan ziren bi lagun atera zituzten surflariek, olatu handien menpe geratu zirenean.