Geoparkea eta euskara: itsasoan euria

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2016ko ots. 7a, 18:03
Joxerra Garziarekin ikasi nuen euskal esaera zaharretan badirela gauza batzuk alferrikakotzat jotzen direnak: itsasoan euria, egurra basoan, egunez ilargia eta gizonezkoen titiak. Horiekin akordatu naiz Geoparkeak euskara nola erabiltzen duen ikusitakoan.

Nekeza zait azaltzea zer diren edo zertarako diren inguruko elkarte edo erakunde batzuk, ez daukadalako batere argi. Horietako bat da Geoparkea, gure kostaldeak harralde izateari utzi eta flysch izenekin bataiatu zutenean jaiotakoa.

Ondo ikasi dugu Geoparkearen barruan gaudela, ordea. baleike.eus-en bertan ere berri ugari irakurri ditugu, eta dudarik baldin bazegoen ere, Getariatik gatozela panel handi batek akordaraziko digu, Izustarri parean, Geoparkean sartuko garela; edo Artadira iristean, beste panel batek ere bai. Geoparkea Geogarapen izeneko elkarteak kudeatzen du eta bertako kide dira inguruko erakunde gehienak edo garrantzitsuenak (Zumaiako, Debako eta Mutrikuko udalak; Urola Kostako Mankomunitatea; Gipuzkoako Foru Aldundia; Eusko Jaurlaritza…), eta horregatik nik uste nuen euskarari lehentasuna emateko borondate eta erabaki irmoa izango zuela, baina ikusten dut ezetz. Geoparkean gaudela akordarazten diguten kartel handi eta eder horietan, gaztelaniak du lehentasuna: “Geoparkea. Costa Vasca. Euskal Kostaldea”. Kartelak aspaldikoak dira, eta bere garaian nahikoa zapuztuta egon banintzen ere, ahaztuta neukan gaia, beste kontu batek amorrazioa berritu didan arte.

Moilan, udan Santiagorako itsasontzia hartzen den pantalanaren parean, txangoen berri ematen duen panel handi bat dago. Turismo eskaintza hori berritu egin behar dute, nonbait, eta gainetik zerbait gehitu diote, oso letra txukunarekin eta zuzen idatzita, lau hizkuntzatan: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez. Baina hor ere hara non dagoen gaztelania lehenetsita, euskararen gainetik. Gauzak alferrik egitearen adibide garbia iruditu zait: gaur egun, euskaldun guztiok dakigu gaztelaniaz, eta behin gaztelaniazkoa irakurrita, zertarako irakurriko dugu ondoren datorren euskarazkoa? Militantziagatik? Beste ezer hoberik ez dugulako, denbora pasa?

Hainbeste erakunde ofizial tartean, hain inguru euskaldunean ezarritako elkartea, hain borondate onarekin... eta itsasoan euria?