Zumaian ekoizten da Tolosako babarrun onena

Baleike 2013ko aza. 18a, 10:17

[/caption]

Karakas baserriko Jose Mari Aramendik irabazi du Tolosako babarrunaren ekoizleen lehiaketa. Behin baino gehiagotan hartu du parte Aramendik Tolosako babarrunaren lehiaketan, lehen saritik gertu ere izan da noiz edo noiz, eta azkenean aurten iritsi da txapela.

Guztira, 22 ekoizlek hartu dute parte lehiaketan. Bigarren eta hirugarren sariak Tolosaldean geratu dira, Ibarran. Aritz Izagirrek eraman du bigarren saria eta Koldobika Artolak hirugarrena.

Tolosako hiru sukaldarik prestatu zituzten larunbat goizean lehiaketara aurkeztutako babarrunak, denak ere modu berean: ur egosian suabe-suabe eginez, olio eta gatza bakarrik gehituta. Sei epaileen iritziz, Aramendirenak ziren onenak. Sariak banatu ondoren, enkantean jarri ziren Karakasko hiru kilo babarrun. Interneteko atari Dastatuk eskuratu zituen, mila euroan. Dirua Afrikako Elkartasun Taldearentzat izango da.