Zumaiak Herriarteko zesta punta txapelketako finalak jokatuko ditu, larunbatean, Tolosan

Baleike 2013ko eka. 19a, 10:09

Hirugarren urtez jarraian Zumaiako Kirol Elkarteko Xistera saileko pilotariak Herriarteko zesta punta txapelketako irabazle izateko aukera dute. Finalak larunbatean, ekainaren 22an, jokatuko dira Tolosako Beotibar frontoian, goizeko 11:00etatik aurrera.

Kadete, jubenil eta nagusien mailan, binaka jokatzen den lehiaketa da hau. 18. parte-hartzea da zumaiarrentzat; urte hauetan guztietan 14tan heldu dira finaletara eta hautetatik zazpitan irabazi dute txapela. Larunbat honetan zortzigarren txapela eskuratzeko aukera dute. "Ibilbide paregabea eta lanak ondo egiten ari diren seinale dudarik gabe", azpimarratzen dute Zumaiako Kirol Elkartetik.

Klubak zorionak luzatu nahi dizkie xistera saileko ordezkari, guraso eta entrenatzaileei "urrats berri honengatik eta eskerrak, nola ez, herriko seme pilotariak beste behin ere hain amestuak dituzten txapelak soinean jazteko aukeran jartzeagatik".