Geoparkeak 2015eko Ondare Geologikoaren Kongresua antolatuko du

Baleike 2013ko eka. 18a, 10:13

Lehengo astean Segovian antolatu den “X Congreso Nacional de Patrimonio Geológico” kongresuan aurkeztu zuen Euskal kostaldeko geoparkeak bere hautagaitza eta ondare geologikoko komisioko zuzendaritza batzordeak aho batez onartu zuen proposamena.

20 urte dira Espainiako geologia elkartearen barruan Ondare geologikoa ikertzen duen lan taldea sortu zela. Ordutik aditu talde honek bi urtez behin kongresu nazionala antolatzen du mundu mailan ondare geologikoaren inguruan dauden gaiak eztabaidatzeko. Ikerketa lerro nagusiak geologiaren kudeaketa integrala lantzen dute, hala nola inbentarioak, geokontserbazioa, geoturismoa edo geoparkeak. “Azken urteetan lorpen handiak ikusi ditugu arlo honetan eta gaur egun Espainia eta Hegoameriketatik etorritako 100 partaide baino gehiago batzen ditu kongresu honek norberaren esperientziak azaldu eta eztabaidatzeko”, azaldu du Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok.,

Zumaian eta Geoparkean azken urteetan egindako lana eredutzat hartua izan da sarritan ikerketa zientifikoa eta dibulgazioaren arteko elkarlanagatik. 2015eko ekainean 10 urte beteko dira geologiaren dibulgazioa ardatz duen proiektu honek lehen pausoak eman zituenetik eta hamargarren urteurren hau ospatzeko, erreferentea den kongresu hau antolatu nahi izan da. Asier Hilario zuzendari zientifikoaren esanetan, “erronka handia eta polita izango da mundu mailako ikono geologikoa den Itzurun hondartza kongresuko eszenatoki bat bihurtzea. Sinbolo geologiko honetatik horren gertu kongresua antolatzeko aukera izatea izan da bazkide guztiek txundituta utzi dituena”. 2Inoiz kongresuak eduki duen eszenatoki politena emango diegu” dio zuzendari zientifikoak. “Gure geoparkean egin den lana erakusteaz gain dinamika berriak sortu eta geoparke proiektua ere sendotzeko aukera paregabea izango da, are gehiago gure proiektuaren hamargarren urteurrena ospatzeko balio badu”.