Lourdeserako erromesaldian parte hartzen duten boluntarioen esperientziak, ekaineko Baleiken

Baleike 2013ko eka. 13a, 09:01

San Pedro jaietan ateratzen den danborradak Zumaiako herriaren alde edo Zumaia hemendik kanpora ezagutzera eramateagatik egindako lana txalotu nahian, herritarrak, talde edo elkarteak omentzen ditu. Aurtengoan, gaixoekin Lourdeserako erromesaldian parte hartzen duen taldea omenduko du. Gipuzkoatik Zumaiakoa da jende gehien eramaten duen herria. Ekaineko Baleike aldizkarian erromesaldi honetara joaten diren boluntarioen esperientziak jaso ditugu erreportaje zabal batean. Honez gain, Ludotekaren 20. urteurrenaren inguruko erreportajea, Joxe Mari Gorostola arraunlari ohiari egindako elkarrizketa edo Maria eta Jose ikastetxeak Wert ministroaren Legeari buruz duen iritzia irakurri daitezke. Aldizkaria ohiko saltokietan duzue euro batean.

Hemen dituzue erreportajeko lehen paragrafoak:

Urtero moduan, Lourdeserako harrera ekitaldiaren ekimenean hartu dute parte boluntario joandako hainbat zumaiarrek. Hori aurrera eramaten duen taldea “Donostiako Lourdeseko Ama Birjinaren harrera” izenekoa da, eta maiatzaren 31tik ekainaren 3ra arte, Pirinioetan, Frantzian, kokatuta dagoen pelegrinazio-herria otoitzerako, elkar laguntzeko eta, batez ere, ongi pasatzeko tokia izan dute.

Gipuzkoako Elizbarrutiaren barnean dagoen elkartea da “Donostiako Lourdeseko Ama Birjinaren harrera” taldea, nahiz eta izaeraz independentea izan. Irabazi asmorik gabekoa, Lourdesera bidaiatzen dutenean, beraien lana, batez ere, bertan boluntario eginkizunak betetzea da. Guztira lau egunetarako joaten dira Gipuzkoa osotik elkartutako ehunka pertsona; horietatik, batzuk ezinduak izaten dira eta besteak boluntarioak.

“Urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditugu Zumaian eta Gipuzkoa osoan, baina Lourdeserako erromesaldia izaten da gure ekimenik garrantzitsuenetako bat”, adierazi du Maria Nieves Saenzek, elkarteko lehendakariak. Hain zuzen, Zumaia izaten da urtero, Azpeitiarekin batera, boluntario gehien eramaten dituen herria. “Guztira 55-60 bat pertsona inguru joan gara hemendik: erizainak, kamilleroak, gazte jendea…”.

Esanguratsuena gazte jendearen parte hartzea da. Hamar-hamabi artean joan dira eta horietatik gehienak aurrez joanak dira. 16 urte behar dira hara boluntario joateko eta 18 urtera bitartean, gurasoen baimena behar dute.

Edozein elkartetan bezala funtzionatzen du talde honek. “Elkarte gastronomiko batera bazkaltzera joan naiteke bazkide izan gabe. Hemen boluntario izan naiteke, harreragile izan gabe”. Hortaz, boluntario soila izatetik harreragile izatera pasatzeko lau urtez joan behar da erromesaldi honetara, eta, ondoren, eskakizuna bete. Hori egin eta gero, zeremonia baten bidez, harreragile bihurtzen da horretarako prestatu den pertsona hori.