Lekeitioko ikurrina ekarri du etxera emakumezkoen traineruak

Baleike 2013ko eka. 10a, 11:53

Traineru denboraldia hasteko gutxi falta da. Gizonezkoen kasuan igandean emango zaio hasiera Bartzelonan TKE ligari. Emakumezkoek pixka bat gehiago itxaron beharko dute; uztailaren lehenengo asteburuan ekingo diote. Lehendabizi Gipuzkoako liga hasiko dute eta hurrengo asteburuan Euskotren liga.

Baina martxan jartzeko atzo Lekeition estropada izan zuten. Estropada hau ligaren nondik norakoak zeintzuk izango diren jakiteko oso baliagarria da. Test moduko bat, alegia. Itsaso traketsa izan zuten baina Zumaia-Salegi jatetxeko neskak erraz gailendu ziren. Bigarrenari, Oriori, 01:39ko aldea atera zioten. Hirugarren eta laugarren postuan, Bizkaia eta Hibaika sartu ziren. Beste behin ere erakutsi zuten baldintza txarretan ere ongi moldatzen direla.

Gizonezkoen kasuan, Urdaibaik irabazi zuen Orio eta Hondarribiaren aurretik. Zumaiarrak ez ziren bertan izan.

Harrobi onena

Larunbat arratsaldean, urtero ospatzen den Arraun festa egin zen Donostiako Kursaalean. Zumaiarrek bi sari jaso zituzten. Alde batetik emakumezkoek iazko Euskotren ligako txapeldunak izateagatik, eta beste aldetik gizonezkoek, harrobi onena edukitzeagatik. Iaz, batez beste 12 etxeko arraunlariekin lehiatu ziren.