Urolan angula kopurua ugaritzeko saioa egingo du Aztik arrantzaleen laguntzarekin

Baleike 2013ko urt. 9a, 13:17

[/caption]

Ostegunean angula bilketa egingo dute, ondoren Urola ibaian gora askatzeko. Eusko Jaurlaritzaren Ur Agentziatik bultzatutako proiektuko ekimena da; aurrez Butroi eta Oria ibaietan ere egin dute, baina oraindik goizegi da emaitzak neurtzeko. "Azken hamarkadetan zeharo urritu da angula kopurua Europa osoan, eta Europako Batasunak neurriak hartzera behartzen ditu herrialde guztiak", azaldu du Aztiko zientzialari Esti Diazek. Ekimenak izan dezakeen eraginkortasunaz zalantza handiak dauden arren, Zumaiako angulazaleak parte hartzeko prest agertu dira.

"Franco hil zen gauean 30 kilo angula hartu nituen"

Europra iristen den angula kopurua zeharo urritu delaz ohartzeko ez dago estatistiketara jo beharrik. Arrantzaleek ederki dakite. Duela 25-30 urtetik atzera eginez gero, kiloka biltzen zituzten gure inguruko erriotan. Gaur egun, berriz, aleka kontatzen dituzte gehienetan. Galera azaltzen duen arrazoi bakarra ez dago; zientzialariek faktore bat baino gehiago aipatzen dute: "Urtetan egin den gehiegizko arrantza izan daiteke arrazoietako bat, baina ez da bakarra; padurak dira haien bizilekurik gustukoena eta asko suntsitu egin dira; ibaian gora joateko oztopo gaindiezina dira hainbat presa; ibaian behera datozenean, zentral elektrikoen turbinetan sartu eta hil egiten dira; zenbait harrapakari ere ugaldu egin dira, itsasoaren tenperatu igotzen ari da...". Aingiraren inguruko ikerketaz arduratzen da Esti Diaz biologoa Azti-Tecnalian, eta berak proposatuta hartuko dute parte Zumaiako arrantzaleek Urolan angulak ugaritzeko ahaleginean.

Anguletarako 22 lizentzia

Zumaian gaur egun anguletarako 22 lizentzia daude, 17 ontzikoak eta beste bost lehorrekoak. 2000 urtera arte, lizentzia beharrik ez zegoen. Orduan hasi zen Jaurlaritza gaia aztertzen eta 2003an 1.200 lizentzia banatu zituen Bizkaian eta Gipuzkoan. 2007an Europako Batasunak angula berreskuratzeko kudeaketa planak eskatu zizkien herrialde guztiei, espeziearen egoera larria ikusirik. Jaurlaritzak 2010ean jarri zuen berea indarrean. Orduan erabaki zen, besteak beste, lizentziak mugatzea (408), eguneko bi kiloko muga jartzea, arrantza sasoia murriztea, errio batzutan angularen arrantza debekatzea, eta aingiraren arrantza erabat debekatzea. "Angula ez da hemen bakarrik urritu, Europa osoan gertatu da", azaldu du Esti Diazek. "Europa iparraldean hasi ziren sumatzen, duela hamarkada batzuk; gero, pixkanaka hegoalderaino iritsi da arazoa. Europako zenbait herrialdetan debekatuta dago angularen arrantza; hemen mugatu egin da, baina oraindik eusten zaio". Datozen urteotan angula ez bada berreskuratzen, Europatik neurri gogorragoak etor daitezkeela uste du Diazek. "Erabateko debekua etor daiteke".

Beste neurri batzuk

Arrantzaleak jarri izan dira beti jomugan, baina Diazek berak onartzen du angularen kasuan, gaur egun Euskal Herrian, arrantza ez dela arazoa: "Arrantza erabat debekatuta ere ez genuke lortuko espeziea berreskuratzea; beste neurri batzuk behar dira". Adibidez, habitatak berreskuratzea: "Padurak suntsitu dira, ibaian oztopoak jarri...". Arrantzaleak prest azaldu dira ekimenean parte hartzeko, baina badute kexarik: "Errazena da beti arrantzalea zigortzea; zuk diozu padurak suntsitu direla eta angulen habitata berreskuratu behar dela... Orduan zuen txostenean proposatuko al duzue kirol portua kentzea?". Angulazaleek badute beste kexa bat: "Azken hamar urteotan asko ugaritu dira ubarroiak, eta horiek sekulako harrapakariak dira. Dena ari dira jaten. Baina ezin da ezer egin, babestuta daudelako. Aingirak ez al daude babestuta?". Diazek azaldu duenez, ubarroiek angularengan izan dezaketen eragina aztertu dute Butroi ibaian. "Ikusi dugunez, amuarrainak dituzte gustukoen; ez dugu uste aingiraren kasuan eragina hain handia denik".

Hala ere, kexa eta zalantzen gainetik, parte hartzeko borondatea azaldu dute Zumaiako angulazaleek. Ostegunean saiatuko dira bizpahiru kilo biltzen, ondoren Aztiko kideek Urola ibaian gora aukeratutako lekuan askatzeko.