Frontoia eta Ardantzabideko etxeak eraikitzeko kontratua urtarrilean sinatzea espero du Udalak

Baleike 2012ko abe. 31a, 10:50

Asteazkenean egin zen ez-ohiko plenoan onartu zen Bildu eta Aralarren aldeko botoekin Zumaiako frontoiaren eta Ardantzabideko etxebizitzak eraikitzeko esleipena behin betikoz. Botazioan abstenitu egin ziren EAJ eta PSE-EE. Frontoia eraikitzearen truke Ardantzabiden bi lur sail eskuratuko ditu Sukia enpresak, 38 etxebizitza egiteko. Enpresa ez da frontoia eraikitzen hasiko 26 etxebizitza aurrez salduta izan arte. Frontoiaren eta Ardantzabideko etxebizitzen obren esleipenaren behin betiko erabakia plenora eraman aurretik Sukia enpresak, besteak beste, kontratuaren prezioaren %5a jarri behar izan du berme gisa. Plenoan onarpenaren ondoren, kontratu administratiboa sinatzeko tramiteak hasiko dira; kontratua urtarrilean sinatzea aurreikusten du Udalak.

Zumaiako frontoi estalia eraikitzeko aurrekontu itxia izango du enpresak, 3.591.716,58 eurokoa, eta Ardantzabideko lur sailekin ordainduko zaio. Hau da, Udalak Ardantzabiden dituen bi lursailen truke eraiki beharko du frontoi estalia. Ardantzabideko lursailean, berriz, 38 etxebizitza eraikiko dira, horietako 6 babes ofizialekoak eta 32 udal etxebizitza libre, prezio itunduan.

Sukia enpresak aurkeztutako proiektuaren arabera, lurren eskualdatzea egin aurretik, Ardantzabiden eraikiko diren etxebizitzen aurre-salmenta epea zabaltzea aurreikusten du –26 etxebizitza saldu arte ez dira eraikitzen hasiko–, finantziazio bide gisa. Aurre salmenta horren epeak-eta kontratu administratiboan zehaztuko dituzte Sukia eta Udalak. Behin aurre-salmenta epea bukatuta, eta lurren eskualdatzea sinatuta, 18 hilabeteko epean eraiki beharko du frontoia.

Frontoiaren eraikuntza bermatzeko, etxebizitzen baimenak eta frontoiaren eraikuntza lotuta izango dira. Hau da, lehiaketa publikoko pleguetan adierazi bezala, epe partzialak bete beharko dira. Hala, etxebizitzak eraikitzeko baimena lortu baino lehen frontoiko obrak hasita izan beharko dute. Etxebizitza eraikitzen hasi aurretik, frontoiaren egitura eginda egon beharko du; eta etxebizitzek lehen okupazioko lizentzia jaso aurretik Zumaiako Udalak frontoia jasota izan beharko du.