Erkiberen 'kanastilla'-ren dirua Caritasentzat

Baleike 2012ko abe. 27a, 10:27

Gabon gauaren ondoren Zumaian jaiotako lehen haurrari oparia egiteko ohitura du Erkibe Kultur Taldea. Aurten opariaren dirua Zumaiako Caritasentzat izango da, premia duten haurrei laguntzeko.

Hasiera batean “kanastilla” izaten zen haurrak jasotzen zuen lehen oparia. Erkibe elkartea osatzen zuten emakumeek beraiek eskuz egindako arropatxo, mantuxa eta osagarriez betatako sehaskatxoa izan ohi da “kanastilla”.

Azken urteotan, josten eta puntua egiten dakiten emakumeak gutxi izanik, Erkibe Kultur elkarteak, Gabon-Gauaren ondoren jaiotako lehenengo haurrari 300 euroko saria eman izan dio.

Aurten, Erkibe Kultur Taldeak sariaren diru kopurua Zumaian krisiaren eta pobreziaren eragina jasaten ari diren haurrei zuzentzea erabaki du. Laguntza hau izan dadila premian eta aukera murriztuago dituzten haurrei bideratua, haur behartsuenen duintasuna eta bizi-kalitatea sustatzen laguntzeko .

Honela, Erkibe Kultur Taldearen eskutik Zumaiako Caritas Elkartea izango da ekarpen hau jaso eta kudeatuko duena.