Erregionalek hirugarren postua lortu dute eta, preferenteek, finalerako txartela

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Futbol Taldea 2021ko eka. 16a, 10:47

Zumaiako gizonezkoen bi taldeek irabazi zituzten azkeneko partidak. Larunbatean jokatuko dute finala preferenteek, Elgoibarren.

Erregional mailako jokalari zumaiarrek Amara Berriren aurka jokatu zuten denboraldi honetako azken partidua; hirugarren eta laugarren postuak zeuden jokoan. Pinillak gidatzen duen taldeak 2 – 3 irabazi zuen norgehiagoka, eta hirugarren postua eskuratu zuen.

 

Zumaiako taldeko Peinak gol bat sartu zuen, eta Poncek, aldiz, bi. Denboraldia bukatu dute beraz erregional mailako gizonezkoek, eta urte arraro honetan, oso lan txukuna egin du Zumaiak, maila oso ona erakutsita. Orain, oporrak egokitzen zaizkio. Zorionak erregional mailako taldeari!


Preferente mailako taldeak, bestalde, finalerako txartela lortu zuten Beasainen partidua irabazita; 1 -2 egin zuten. Treviñok gidatutako taldeak menderatu zuen partida 90 minutuetan. Ikerrek sartu zuen lehenengo gola, 0-1 emaitza lortuz. Emaitza horrekin bukatu zen lehenengo zatia, eta bigarren zatiko hasierako minutuetan Aimarrek sartu zuen bigarren gola; 0-2 geratu zen markagailua. Bigarren zatiko erdialdean sartu zuten gol bat beasaindarrek, eta azkenean, 1-2 amaitu zen partida. Emaitza horrekin, finalean sartu da Zumaia.

 

Finala, larunbatean

 

Zehaztuta daude finalaren ordua, tokia eta aurkariak. Urki C.D. taldearen aurka jokatuko du Zumaiak, Mintxeta futbol zelaian, Elgoibarren. Larunbatean, ekainaren 19an, izango da partida, 17:00etan. COVID-19a dela eta, mugatuta egongo da publikoarentzako sarrera; ikusleak ezin izango dira futbol zelaira sartu, baina Mintxeta zelaian bada aukera partida zelai kanpotik ikusteko. Beraz, Zumaiako futbolzale ikusleak gonbidatzen ditugu Elgoibar aldera hurbiltzera, taldeari harmaila kanpotik animoak emateko. Aurten egindako lanaren emaitza izango litzateke finala irabaztea. Ea ba horrela den, gora Zumaiako!